Manterola2009

De EsWiki

Revisión a fecha de 15:45 2 ago 2013; Abaitua (Discutir | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Ver revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)

Tabla de contenidos

Lan honetan euskal artikuluen erabilera aztertuko da. Horretarako euskal eremuko garai eta toki ezberdinetako testigantzak erabiliko dira: Erdi Aroko –a morfema aztertuko da, euskararen garai historikoko testigantzekin batean, XVI. mendean hasita. Era berean, artikuluen ikuspegi zabalago bat ekarriko dugu azterbidera: erakusle sistema bere osotasunean ikusiko dugu artikulu sorburu gisa, eta hartara, deklinabideko zenbait fenomeno ere artikuluen azalpen bidetik argitu dugu. Giltza-Hitzak: Erakusleak. Artikuluak. Gramatikalizazioa. Deklinabidea. Toponimia. Antroponimia.

En este trabajo se analiza la utilización del artículo en la lengua vasca. Recurrimos para ello a testimonios de distintas épocas y enclaves de la geografía vasca, que nos permiten analizar el morfema –a de la Edad Media a partir del siglo XVI. Asimismo, analizaremos los artículos desde una óptica más amplia: veremos el sistema demostrativo en su integridad, en su calidad de origen del artículo, y aclararemos varios fenómenos de la declinación por medio de los artículos. Palabras Clave: Demostrativos. Artículos. Gramaticalización. Declinación. Toponimia. Antroponimia

p238

ERAKUSLEAK ETA ARTIKULUAK IKUSPEGI DIAKRONIKOAN

Gauza ezaguna da hizkuntzalaritza orokorran (Greenberg, 1978) artikulu definituak erakusle urrunetik eratorri ohi direla bilakaera diakronikoan. Halaxe aldarrikatu izan da hainbat hizkuntzarentzako, hurbileko gaztelania (Lapesa, 1961) eta frantsesarentzako (Epstein, 1994), eta baita bestelako hizkuntzentzako ere, Montagnais hizkuntza algonkiarra (Cyr, 1993) eta suomiera hizkuntza fino-ugriarra kasu (Laury, 1993).

Euskararentzako ere halaxe proposatu izan da aspaldidanik (Azkue, 1923; Lafon, 1970; Schuchardt, 1923). Proposamen hauetan, beraz, euskal artikulua, -a, garai bateko erakusle zahar batetik letorke, *(h)a(r) gisa berreraiki izan dena; honen lekuko behinena egun ere mendebaldean erabiltzen den a erakusle urruna bera dugu, artikuluarekin erabateko kidetasuna duena. Euskaraz mendebaldean ez beste aurkitzen dugun erakusle urruna, hura formakoa, berritasun gisa hartzen da normalean (Trask, 1997).

Euskarazko artikulua, inguruko hizkuntza erromantzeetakoen antzera, Erdi Aroan sortu zela dirudi. Seguru aski beste hizkuntzen eraginpean sortutako kategoria funtzional berria da euskararena, artikuluaren sortzea aski fenomeno hedatua baita Erdi Arotik hona Europa mendebaldean (Haspelmath, 1998); bertako hizkuntza nagusiek artikulua garai horretantxe sortua dute, hizkuntza erromantzeak eta germanikoak kasu.

Artikulu definituak, beraz, normalean erakusle urrunetik eratortzen dira (ikus Frajzyngier (1996) bestelako jatorrientzako). Bide horretan, erakusletik artikulura doan horretan, fase diferenteak igarotzen ditu. Greenbergen lana izan da fase diakroniko horien zehaztearen aitzindari (Greenberg, 1978); geroztik Himmel - mannek hartu du erakusle eta artikuluen gainean ikuspegi diakronikoaren arabera teorizatzeko lana (Himmelmann, 1996, 1997, 2001). Lan horietan aldezten den hipotesiaren arabera, erakusle jatorria duen artikuluak zenbait urrats jakin ematen ditu bere gramatikaltze bidean; horrela laburbiltzen du Himmelmannek (2001: 832):

(1) erakuslea → artikulu definitua → artikulu espezifikoa → izen markatzailea

Continuum honetan zenbat eta eskuinerago jo, garai batean erakuslea zen morfema gero eta testuinguru sintaktiko gehiagotan agertzen da hizkuntza baten barrenean. Adibide argia da euskara eta inguruko hizkuntza erromantzeak alderatzetik datorrena: euskal artikulu definitua gramatikalizazio continuum horretan aurrerago dago erromantzeak baino. Ikus honako adibideak; erromantzekoetan ez da erakusle jatorria duen morfema erabiltzen, euskaraz, aldiz, bai:

(2)

  • a. Ardoa badago vs. a’. Hay vino / **Hay el vino
  • b. Eneko irakaslea da vs. b’. Eneko es profesor
  • c. Toki ona da hori vs. c’. Ese es un buen sitio

Gauza ezaguna da, bestalde, adibide hauetan bertan badugula euskalki eta garai ezberdinen arteko bariazioa. Euskal geografian zenbat eta ekialderago jo, orduan eta artikulu gutxiago aurkituko dugu, eta, era berean, Euskal Herri osoan denboran atzera joz gero, ikusiko dugu mendebaldean zein ekialdean artikuluaren erabilera askoz ere murritzagoa zela.

p239

Hurrengo ataletako batean fenomenologia horretaz arduratuko gara. (2)ko adibidean, dena den, erakusle jakin batez aritu gara, absolutibo singularrekoa. Aurkeztu nahi dudan ikuspegiaren arabera, erakusleen gramatikalizazio fenomenoa askoz ere fenomeno zabalagoa izan da euskararen diakronian, eta deklinabide guzira zabal daitekeen azalpena da. Horretarako (3) adibideak ere aintzat hartzea nahi nuke:

(3) a. mendietako b. lagunen c. lagunek

Beltxean diren morfema horiek garai bateko erakusle direla aldarrikatu nahi izango dut beste atal batean.

Lan honetan, beraz, bi datu motari begiratuko diogu: batetik betidanik artikulu definitu gisa izendatu dugun horrekin agertzen diren sintagmak aztertuko ditugu, -a morfemarekin ageri direnak; bestetik deklinabideko zenbait kasu pluraletan agertzen diren morfemei begiratuko diegu.

–A ARTIKULUAREN ERABILERA

Atal honetan erakusletik artikuluaren bidean –(h)a morfemak izan duen bilakabidea eta hedatzea aztertuko dugu. Horretarako, lehenik Erdi Aroko zenbait datu ekarriko dugu gogora; ondoren XVI-XVII. mendeetako datuak izango ditugu hizpide, euskalki ezberdinetako datuak. Azkenik, egungo ekialdeko euskaretako datuak aztertuko ditugu, eta ikusiko mende batzuk lehenagoko mendebaldeko datuekin bat egiten dutela.

Erdi Aroko artikuluaren lekukotasunak

Atal honetan bi tokitako datuak erabiliko ditugu: batetik Donemilaga Kukullako “Becerro”tik datozen XI. mendeko toki izen zenbait, eta bestetik Nafarroako “Pecheros de San Juan” agirian ageri diren XIII. mendeko antroponimo zenbait.

Arabako herrien lekukotasunak: artikuluaren formarik arkaikoena

Gorago esan bezala, euskal artikulu definitua erakusle urrun batetik dator; euskarazko erakusleen formarik zaharrenek hasieran hots bat dute, egun iparraldean hasperen gisa ahoskatzen dena. Pentsatzekoa da, beraz, garai batean –a artikuluak ere hots hori izan zuela, gerora gramatikalizazio eta beraz higadura fonetikoaren bidez galdu zena.

p240

Horixe da, hain zuzen, Erdi Aroko mendebaldeko lekukotasunetan aurkitzen dugun egoera

(4) Hillarrazaha, Artazaha, Otazaha, Udalha (1025), Horriaha (1087), Elhorzaha (1129)

Manterola (2006) lanean aipatzen nuen bezala, toponimo hauen bukaeran ikusten den –ha morfema artikuluarekin identifikatzen dut nik, oraindik hasperena galdu ez zuen artikulua. Ez zen hau, seguru aski, ausaz gertatutako zerbait: (4)ko adibideei begiratzen badiegu, artikulutzat jotzen dudan morfema hasperenduna gehienetan –a bokalaz amaitzen diren hitzei gehitzen zaie. Seguru aski horixe izan zen arrazoia hasperena gorde zedin, bi bokal berdinen talka saihesteko, hain zuzen ere.

Nafarroako beste zenbait agiritan ere antzeko adibide interesgarriren bat edo beste aurki dezakegu, Leyreko “Becerro”n esaterako (Ciérvide, 1977): bertan 1066. urteko Habaunçaha izeneko toponimoa aurkitzen dugu. Nafarroako adibide hau Arabako 1025eko Habaunza toki izenaren bertsio artikuluduna litzateke, beraz.

Honenbestez, euskal artikuluaren itxura arkaikoena duten lekukotasunak agerian utzi ditugu. Ikus dezagun hurrengo atalean, ahal den neurrian bederen, nola zabaldu zen artikulu hau.

Nafarroako XIII. mendeko antroponimoak

Datu gutxi dugunean ere, Erdi Aroko testigantzen urritasuna muga dugularik, zenbait ondorio atera dezakegu gramatikaren bilakaerarentzako. Erdi Aroko artikuluaren zabaltzea nola azter daitekeen erakusten du Putzuk (2005) Sardiniera aztergai duenean; bere datuak Sardinierazko Erdi Aroko agirietatik erauzten ditu, normalean pertsonen jatorria adierazten dutenetatik.

Gurean ere antzeko datuak aurki ditzakegunez (ikus beheragoko Dota Ovanosco, adibidez) azterketa ildo berari ekingo diogu, eta ikusi zein diren euskararentzako atera ditzakegun ondorioak. Nafarroako XIII. mendeko antroponimoei begiratuko diegu, esan bezala; lehenik artikuludunak ditugu:

(5) izena + artikulua / izena + izena + artikulua / adjetiboa + izena + artikulua: Auria Goienessea, Semen de Larraça (cf. Larratzequo), Eneco Arçaia, Unidea, Orti Zalduna, Tota Cerria, Sanso Bicorra, Domicu Surra, Eneco Mutila, Orti Ossoa de Ezquiroz, Eneco Jauna, Domicu Zamarguina, Orti Beia de Santo Petro, Dominicu Aroza, Sanso Iguraia, Sanso Erlea, Orti Ussoa, Lope Bazterra, Garcia Unaia, Garcia Urriça, Domici Suina.

(6) adjetiboa + artikulua / izena + adjetiboa + artikulua: Sanso Ona, Garcea Domicuiz, Aceari Zuria de Guendulain, Auria Goiena, Garcia Macua, Sansa Gutia, Domicu Surra “sudurra”, Onecha Zuria de Santo Petro, Berassa (beratz baldin bada, Azkuek bizkaieratzat jotzen duena) Goiena, Eneco Andia, Semero Belza, Eneco Chipia, Eneco Belça, Lope Çaillo, D. Guorria, G. Içurra, Emazteona de Guendulain, Maria Ipuça, Eneco Ipuça.

p241

(7)-koa: Açeari Guruciricoa, Garcia Mendiurrucoa, Domeca Gamaracoa, García Cambracoa, G. Valdecoa, Domicu Beengoa.

(8) -arra: Orti Aravarra

(9) -rena: Sanso Urraquarena

Ondoren artikulugabeak ematen ditut:

(10) -ko: Sancho Dorreco, Lope Gorteco, Lope Araldeco, Orti Sanoiz Ostatuco, Eneco Iturbideco, Orti Donamaria Aldeco, Orti Zuarondoco, Eneco Bus - tinzeco, Urracha Bazterreco, Semeno Huarteco, Garcia Guezeco, Se - mera Erassungo, Domicu Lapurdico, G. Iturrico, Lope Çavaleco, Maria Iriarteco, Berasco G. Esparçaco, Dota Ezquerrango, Pedro Iturrico, Maria Irançuco, Dota Ovanosco, Dota Gorrizco, Sanso Ainnorveco, Dota Çubico, Lope Ostatuco, Miquele Ostatuco, Semeno Larraçequo, Garcia Goi co, Dota Goiquo, Domicu Lavaondoco, Garcia Çubirico, Garcia Val - deco, Domeca Navazco, Ansso Gascueco, Anso Oilacarizquetaco

Ikus daitekeen bezala, leku genitiboan nagusi dira artikulurik gabeko formak XIII. mendeko Nafarroan. Dena den, (7)ko adibideetan ikus dezakegun bezala, horietako zenbait artikulua hartzen hasiak ziren. Egun, artikulurik gabeko genitibo lokatiboa Zuberoa inguruko hizkeretan baizik ez da entzuten ahal (Etxebarne, 2006) eta orain gutxi arte Erronkariko euskara desagertuan (Irigoyen, 1957).

Ikus liteke, beraz, XIII. mendean eredu nagusia zena, egun ekialdeko euskaretan baizik ez dela gorde, beste euskalkien begietara arkaismo gisa edo. Datu hauek, bestalde, bestelako ideiak ere iradokitzen dituzte: batetik artikuluaren zabaltzearen kronologia absoluturako zantzuak eskaintzen dizkigu, eta horrekin batean artikuluaren antzinakotasunaren neurria ere ematen digu bestetik: ez dirudi, proposatu izan den bezala (Iglesias, 2000]) orain 2000 urte artikulurik izan zitekeenik. Hala balitz ere –ezin %100ean gauzak ziurtatu datu aski ez dugunean– Erdi Aroko agirietan artikulu horren berorren zabaltze goiztiarraren lekukotza dugunik ezin uka daitekeen faktua da.

Euskara historikoaren lekukotasunak

XVI. mendetik aurrera, lehen euskal testu luzeak ditugunean, artikuluaren gorabeherak hobeki aztertzeko aukera dugu. Orduko mendebaldeko zein ekialdeko testuei begiratzen badiegu, ikusten dugu artikuluaren jokabidean behintzat batasun handiagoa erakusten zutela mutur bateko zein besteko euskalkiek. Gorago iradoki bezala, ekialdeko euskara da artikuluaren erabilerari dagokionez gutxien aldatu dena, hots, artikuluaren erabilera gutxien zabaldu duena.

p242

Ez da lan zehatzik egin artikuluaren hedatzearen gainean. Salbuespen nagusia Mitxelenaren lana dugu, Axularren izen eta adjetibo predikatuen jokabidea aztertzen duenean (Michelena, 1987). Hemen, lan ildo horri jarraituz, beste zenbait adibide ekarriko ditugu eztabaidara. Gauza ezaguna da ekialdean hainbat predikatu artikulurik gabe egiten dela:

(11) a. Haurra eder zen. Casenave-Harigile (2006: 60) b. Zühaintze horien ororen liliak eder dira. Casenave-Harigile (2006: 54) c. Han, hurak hon dira, aidea sano, mendiak, oihanak eta nabak handi… Otsibar (2003: 81)

Hauek denak egungo euskararen lekukoak dira; ikusten dugun bezala, adjetibo predikatuak, singular zein pluraleko, inongo determinatzailerik gabe ageri dira, egungo hizkera gehienen aurkara. Denboran atzera joz gero, dena den, halakoak mendebaldean ere aurki ditzakegu; ikus ondoko adibideak n1:

(12) Refranes y Sentencias (1596) (Lakarra, 1996)

  • çe eyquec maurtuti hoeaneâ, ederr eztanic calean 36
  • hao ysian eztoa sartu eullia, ta aldi guztietan ezta eder eguia 123 ‘êboca cerrada no suele êtrar mosca, y en todo tiêpo no es la verdad

hermosa’

  • Guibeleco on dana areco gasso 141 ‘lo que es bueno para el hígado, dañoso para el baço’
  • Argaloc ydeco eyten badira aec yndarsuen yçango dira 403
  • Zarren semea gojago zurz 450
  • Zaarra da liburu, aen esana da[i]gû 479
  • Barria eder eguic 548

(13) Gabonetako ikuskizuna (XVIII. mendea) labur da gizonaren adimentua 71

(14) Kapanaga (1656) Castu eta garbidanac 50

(12-14) mendebaldeko adibideetan ikus daitekeen bezala, XVI-XVII mendeetan adjektibo predikatu gehienak artikulurik gabe egiten ziren, justu egun hizkuntza erromantzeetan egiten den bezala. Hori, gauza jakina da, erabat aldatu da mendebaldeko euskaretan, baina ez ekialdekoetan. Mendebaldekoetan, beraz, arrazoi batengatik edo besterengatik, artikulua “behar” baino gehiago zabaldu da.

n1. Céline Mounoleri eskertu nahi diot hauetako hainbaten berri emanik

p243

Honekin batean badugu mendebaldean berezia den fenomenoa, erakusle bikoitzena alegia. Bertan tipikoak diren erakusle bikoitzeko egituretan erakusleetako bat posizio “ez-arruntean” ageri baita (hori gixonori eta horrelakoak). Bi puntu nagusi ditugu bizkaieraz esateko:

Ezkerrean agertzen diren erakusleek izen sintagmaren gain-markatzea ekartzen du, erakuslea eta artikulua duen IS sortuz.

Eskuinean, irudiz, erakusleetatik eratortzen ari diren beste “artikulu” berri batzuk ditugu.

Guk bitan banatu dugun puntu honentzako ekar dezagun Hualde eta Ortiz de Urbina (2003: 123) lanak honetaz esaten diguna: […] These take double case-marking, as in orrek gizon orrek (ergative) and oneri umeori ‘to this child’ (dative), a rare exception to the principle that case-marking occurs only once within a n NP. Kasu-markatzea bikoitza izatea bitxia da, beraz; baina neurri berean bitxia lirudike, edo beste zerbaiten adierazgarri, ISan definitutasuna bitan markatzea (erakuslearekin eta artikuluarekin). Beste zerbaiten adierazgarri izatea nahi baldin badugu, eta ez soilik salbuespen bitxi bat, horretarako arrazoia bilatzea ez li tzateke gaizki, Mitxelena (1987: 451)ren aipu honen bidetik, agian:

El proceso de énclisis parece que se vuelve otra vez a producir en el vizc. de nuestros días. Cf. «Apuntes vizcaínos» I, 126, n. 44, a propósito de orí aníllu ori: «Si el demostrativo sigue al sustantivo, suele perder el acento tónico y hacerse enclítico…».

Artikuluaren sorrera bideratu omen zuen enklisi hori berriz ere ari da gerta - tzen, itxura, bizkaieraz.. Artikuluaren funtzioa berkarakterizatzeko markatzaile berriak sortu direla, erakusleetatik berriz ere, agerikoa da. Eta zein da horretarako arrazoia? eta zer esan nahi du honek? Erantzun ditzagun galdera hauek banan-banan:

Zergatik? Beharbada garai batean artikulua zenaren indarra ahultzen ari delako, gramatikalizazioaren azken ataletan dagoelako; esan dezagun Greenberg-en III. fasean hasia dela bizkaiera.

Zer esan nahi du honek? Euskara, xehetasunak gora-behera, Greenberg-en araberaII./III. faseen inguruan kokatu behar dugu. Honek agerian uzten du euskalkien arteko aldea: bizkaieraz zabalduagoa litzateke artikulua, erakusleekin ere ager baitaiteke:

  • Erakusle-artikulua gramatikalizatuago dago mendebaldean
  • Erakusle-artikulua ez dago hain gramatikalizatua ekialdean

Laburbilduz: bizkaieraz erakusleak izenaren ezkerrean jar daitezke (beste euskalkiekiko berrikuntza), eta era berean eskuinean, erakusleak sorburu, balizko artikulu berri batzuk ageri dira. Jakina, Mitxelenak aipatzen duen enklisi hori, gramatikalizazio hori zenbaterainokoa den neurtzea lagungarri suerta liteke:

p244

horretarako IS erakusle bikoitzdunen laguntza beharko dugu, deixiaren indarraren galera ere gogoan izan behar dugula aintzat hartuta. Eman ditzagun bizkaierazko adibide batzuk orain:

(15)

  1. /**ha gixonhori
  2. /**ha gixonhau
  3. /**hori gixonhau
  4. /**hau gixonori

(16) hau gixona

  • hori gixona
  • ha gixona

(17)

  • hau gixonau
  • hori gixonori

Imagina dezagun momentu batez ez dakigula euskarak artikulurik duen, baina susmatzen dugula erakusleek badutela zer esana auzi horretan; eta gainera bizkaierazko datuak baino ez ditugu eskura. (16)ko adibideetara joz gero, hauxe ikusten dugu: euskaraz maila diferenteetako erakusleak konbina daitezke ISren bi aldeetara. Beste zenbait hizkuntzatan ezin da horrelakorik egin (Sharma 1996), hain zuzen ere erakuslea erabat artikulu gisa gramatikalizatua ez den seinale, nik uste. Hortaz, ISren eskuineko erakuslea hirugarren mailakoa baldin bada, edozein erakusleren konbinazioa onartzen du ISren ezkerrean, eta, hartara, aise pentsa liteke balio deiktikoa galdua duela, hots, artikulua dela.

Hirugarren adibide saila huts hutsean hartuz gero gauza bera pentsa genezake, ISren eskuineko determinatzailea artikulua dela eta ez erakuslea. Hauentzako arazoa agerikoa da, (15) adibideetan ematen duguna: ez dute beste graduko erakuslerik onartzek ISren ezkerrean. Ez dute balio deiktikoa erabat galdu duen artikulu baten modura funtzionatzen, beraz ez dira artikuluak. Ondorioa garbia da: hizkuntza horretan erakusleetako batek baino ez du funtzionatzen zinez artikulu gisa.

Hortxe dugu, mendebaldearen eta ekialdearen arteko alde nagusietakoa, erakusleen gramatikalizazio mailari dagokionez; XVI-XVII. mendeetan aldea hain handia ez bazen ere, gerora bide ezberdinak hartu dituzte euskararen bi eremu nagusi hauek: bizkaierak izugarri hedatu du artikuluaren erabilera, izen sintagman erakusle berriak onartzeraino, eta ekialdeko euskalkiek euskara zaharraren ezaugarriak gorde dituzte hobeki.

Ekialdeko euskararentzako adibide ederrak aurki ditzakegu Etxeparerengan (1545), orduko artikuluaren erabilera mugatua erakusten dutenak:

(18) a. Eta gaizki egitiaz ogen handi dudala

  • b. Harzaz unsa orhitzia zuhurzia handi da
  • c. Bera handi izan arren preziazen xipia
  • d. Handi eta xipi oro haietarik girade
  • e. Honestea berzerena erhogoa handi da
  • f. Enetako ohoin zira ohoin ere handi zira

p245

  • g. zure pena diozunok nonbait handi bideituzu
  • h. Hanbatere handi tuzu ezin erran nizakezu
  • i. Penak handi badituzu axeterrik aski duzu
  • j. Eztei iraganez gomitu handi
  • k. Ni zugatik hil banadi kargu handi dukezu
  • l. Nik zugatik dudan pena hanbat ere handi da
  • m. Berzen gaizaz zenzazia zuhurzia handi da
  • n. Gaizkigiler pena handi pazienter gloria

(18) adibide hauetan ageri den bezala, Etxeparek artikulurik gabe erabiltzen ditu adjetibo predikatu asko; ez dira, gainera, adjetibo predikatu soilak, izen batekin doazen adjetiboak baizik, Mitxelenak Axularrentzako ezinezkotzat jotzen duen jokabidea (1987). Honek erakusten, ekialdean ere, denboran zehar gauzak aldatu direla, edo zehatzago esanda, Etxepare eta Axularren artean aldeak bazirela artikuluaren erabilerari zegokionez; jokabide ezberdin hau, jakina, garai zein kokapen geografiko ezberdinari egotz dakioke. Bada, bestalde, oraintxe ikusi ditugun Etxepareren adibide hauetan gauza bitxi bat: artikulurik gabe ageri den adjetiboa nagusiki handi adjetiboa da. Ez dut oraingoz honentzako arrazoi berezirik ikusten, baina deigarria suertatzen den zerbait da, nolanahi ere.

Egungo ekialdeko euskarak

Atal honetan jarraituko dudan arrazoibide eta azalpenak ezinbestean kamuts izango dira, seguru aski, bukatu gabeko lan baten erakusle baitira. Dena den, zuzenak izan ala ez, espero dut balioko dutela halako fenomenoak aztertzeko erabil daitezkeen tresna teorikoak eztabaidan sartzeko. Tresna teoriko horiek etorkizuneko lanetan findu, baztertu eta berritzeko esperantzan ematen ditut hemen, orain, nire gogoetak.

Adjetibo predikatuak

Has gaitezen, bada, eztabaida abian jarriko duten adibideak emanez: Nafarroa Beherean (NB):

(19) a. Ez da polit horren egitea

(20)

  • a. **Ume hori ez da polit
  • b. Jestu hori ez da polit b. Ume hori ez da polita

Zuberoan (Axularrek 1643an ere bai; ikus Mitxelena (1987: 366-376)), lehen (11)n eman ditugunak:

(21)

  • a. Haurra eder zen. Casenave-Harigile (2006: 60)
  • b. Zühaintze horien ororen liliak eder dira. Casenave-Harigile (2006: 54)

p246

  • c. Han, hurak hon dira, aidea sano, mendiak, oihanak eta nabak handi… Otsibar (2003: 81)

(20a) eta (21a) konparatu nahi nituzke, hor txe ikusten baitut ekialdearen barrenean mendebalderagoko eta ekialderagoko hizkeren arteko aldea. Egia da (20a) adibidea ezezkakoa dela (21a)ko baieztapenaren ondoan, eta (21a) lehenaldian dagoela (20a)ko orainaldiaren partez, baina nago bi faktore horiek deuseztuta ere artikuluaren erabileraren kontrastea gordeko litzatekeela; hots, Nafarroa Beherean haurra polit da txarra litzatekeela. Badugu, halaber, beste adibide sorta bat, azalpen zinez interesgarria jaso - tzen duena Lafitteren eskutik (1944: 123-125, 417), “navarro-labourdin littéraire”-z ari denean (berak han-hemenka emandakoak nire ordena ezarriz ematen ditut hemen):

(22)

  • a. Aita ona da a.’ hi baino hobea duk
  • b. Eder da chutik hiltzea b.’ samur da

Lafittek berak beste zenbait txandakatzerentzako (kexu da vs. kexua da, eri da vs. eria da…) ematen duen azalpenak neurri batean balio du, nik uste, (22a, a’) eta (22b, b’)rentzako ere: haren hitzetan “au nominatif défini ils marquent en général un état stable et au nominatif indéfini une disposition passagè- re” (Lafitte, 1944: 125). Milsarken lanean ere (1977) agerian uzten da adjektiboaren nolakotasunaren pisua, ezaugarri betierekoaren ala iragankorraren adierazle izan, berak aipagai duen ingelesaren fenomenologian. Dena den, Lafitteren eta Mil sarken azalpenez haratago, adibide hauen barrenean ere badira xehetasun ba tzuk azalpen honi ihes egiten diotenak: horren erakusle dugu (20b) adibidea, (19ab.)rekin batera doana, dirudienez betiereko ezaugarria adierazten baitu, eder izatearena, baina (20b)rekin bat ez doana artikuluaren erabileran.

Berehalako galdera honakoa da: xehetasun hauek ze oinarri semantiko, kognitibo edo dena delakoa dute? Eta zer eragin dute sinkronian antzematen ditugun alde hauek artikuluaren bilakabide eta hedatze diakronikoan? Zer dela eta iritsi da Nafarroa Behereko hainbat hizkeratako adjektibo predikatu zenbait artikuludun forma ezinbesteko izatera (ikus (20))? Bistan dena, auzi honetan guztian xiberotarreko adibideak ditut arkaikoentzat, ia “inon” artikulurik erabiltzen ez duen hizkuntzaren egoera agertzen duena; honen berresgarri inguruko hizkuntza erromantzeen jokabidea dugu: hauetan adjektibo predikatuek ez dute inoiz D-elementurik hartzen (l’enfant est (*le) beau, el niño es (*el) guapo). Green - bergek (1978: 63-67) ere halaxe dio, gogora ekartzen duenean antzeko predikatuak direla bilakabide diakronikoan D-elementu bat azkenik hartzen duten egiturak.

Aurreko paragrafo honen hasierako galderak badu erantzuna, nik uste, edo erantzunaren hasiera izan daitekeenaren bidean ezarriko gaituen gogoeta: Lafittek esan bezala adjektibo predikatuen izaera semantikoak, ezaugarri betiereko ala iragankor, zer esan handia du D-elementuen hedatzean, batetik; bestetik,

p247

halako esaldietan subjektuaren izaerak ere erabakigarri behar du izan, neurri batean bederen. Bi hauen arteko, subjektuaren eta predikatuaren (adjektiboa ala ez) arteko elkarreraginaren xehetasunek beharko dute erantzunaren parte izan. Itzul gaitezen orain (19) eta (20)en eman ditudan Nafarroa Behereko adibideetara, hemen (23)n errepikatzen ditudanak.

(23)

  • a. (Jestu) horren egitea / jestu hori ez da pollit
  • b. Ume hori ez da pollita (**Ume hori ez da pollit)

Gorago ikusi bezala, eta (21)eko adibideek iradokitzen duten bezala, Zu be - roan halako adibideak, denak ager daitezke –a hori gabe, artikulurik gabe. Zerk erabaki du, beraz, Zuberoatik mendebalderago, Nafarroa Behereko zenbait hizkeratan bederen, artikuluaren erabilera egitura batzuetara zabaltzea, beste ba - tzuek, oso antzeko badira ere, artikulugabeko forma gorde duten bitartean? Nik sinesten dut hemen ere, euskararen hizkera hauetan Milsarkek ingelesarentzako aipatutakoez bestelako efektuak baldin baditugu ere, predikatuetako adjektiboen izaeraren eta subjektuetako izen sintagmaren izaeraren araberako efektu gisa ulertu behar direla artikuluarekin gertatzen direnak.

Hasi gaitezen, hortaz, (23)ko adibideen gaineko gogoetarekin. Esaldi horiek kopularen, da aditzaren bi aldeetara dituzten osagaiei begira, pentsa genezake lehenik eskuinetara dagoen predikatuan egon daitekeela gakoa; pentsa liteke “hara, (23a)ko adjektibo predikatuak egoera iragankorra adierazten du, eta (23b)koak betiereko ezaugarria, eta hartara, urduri dago / urduria da bikotean bezala, horren araberakoa da artikuluaren erabilera”. Baina ez du ematen halako ñabardurarik, ezaugarri betiereko eta iragankorren arteko alderik dagoenik (23)ko bi adibideen artean; adjektiboaren interpretazio iragankorrik ez dut sumatzen posible denik, eta izatekotan, biak ere betiereko ezaugarriaren interpretazioarekin lotzen dira hobekien.

Une egokia izan daiteke oraingoa Lafittek eder da chutik hiltzea bezalako esaldiez esaten duena hona ekartzeko; ez dut uste, beste gainerakoan, arazo sakonik dagoenik (23a)ko horren egitea ez da polit esaldiarekin parekatzeko. Lafitteren esanetan, beraz, predikazioaren interpretazioa orokorra edo generala da (1944: 124):

[…] chaque fois que l’on veut donner un sens neutre ou général à l’adjectif attribut, on le met au nominatif indéfini. Ex. on da eskolatzea, il est bon de s’instruire […].

Hainbesterainokoan ados egon gintezke Lafittekin, deskripzio mailan bederen; baina gu, kasu honetan artikulua AGERTZEN deneko adibidearen (23b) nondik norako diakronikoa azaltzen saiatzen ari gara, galdetuz zerk eragin ote zuen horrelako adibideek lehenago hartzea artikulua. Nire susmoa da beharbada esaldiaren subjektuari begiratu behar diogula, esanez ume hori batetik eta jestu hori / jestu horren egitea bestetik, ez direla erabat berdinak, nahiz eta itxura guzien arabera denak diren, Milsarki jarraiki, izen sintagma indartuak, bere erakusle edo artikuluarekin.

p248

Nire oraingo ustearen arabera, seguru bainaiz aurrerantzean gaian gehiago sakondu eta eztabaidatu ahala usteak findu eta aldatuko ditudala, (23b)ko ume hori sintagmak askoz ere zama erreferentzial handiagoa du (23a)ko aditz izenak baino. Nolabait esateko ume hori sintagma deiktikoa ainguragarriagoa da mundu erreal eta ukigarriko erreferente batekin, xutik hiltzea ala jestu horren egitea bezalako sintagmak baino, errealitate ukigarrian ainguratze lausoagoa dutenak. Esango nuke, ideia bestela formalizatzeko modurik ez badut ere, pollit izan predikatuan –a artikulua horren araberakoa dela, esaldiaren subjektuaren nolakotasunaren araberakoa, alegia. Badirudi, darabildan argudioaren berresgarri, jestu horren egitea bezalako sintagmek adierazten duten ekintza, nominalizatua izanda ere, ez dela oso-osokoa, ebentu burutu gabea edo denboran errepika daitekeenetakoa dela; gauza ezaguna da halako ebentuek bere ingurura mugatzailerik gabeko izenak erakartzen dituztela (ikus Hopper eta Thompson (1980: 252) lanean ematen den eskala), eta horregatik izan liteke, beharbada, horietarik predikatzen diren adjektiboek artikulua hartzeko tenorean horretan lehenak ez izatea. Argudia daiteke jestu hori ez dela, hala ere, jestu horren egitea bezalako gertakari bat, erakusledun sintagma hutsa baita, ume hori izan daitekeena bezalakoa, baina nago horren azpian, hobeki formalizatzeko gai ez banaiz ere, jestu horren egitea-ren elipsia edo dagoela.

Honen guztiaren arabera, beraz, Milsarkek emandako weak / strong banaketan sakontzeko modua ere bada hau, (23a) eta (23b)ko predikatuetako artikuluaren agerrera / ez agerrera Milsarkek analizatu nahi duen fenomeno beraren efektu gisa ikusi nahi badugu, bederen: izen sintagma indartuen artean ere aldeak badira (23a, 23b), eta Nafarroa Behereko euskaren diakroniaren kasuan horren efektua zera izan da, betiereko ezaugarria adierazten duen predikatuetan D-elementuaren hedatzea horren arabera erabakitzea. Nolabait esateko, izen sintagma “indartuenak”, tipikoki esaldi existentzialetan debekatuak direnak, artikulua errezago onartzen dute predikazioan.

Objektu biluziak ekialdean

Aurreko atalean adjektibo predikatuetan antzeman ditugun artikuluaren erabilera berezi zenbaiten berri eman dugu, azalpen baten hasiera izan daitekeena agertuz; era berean, maiz geratu da agerian, nire analisi ez oso-osokoa lekuko, gai honek behar duen lanketa sakonaren beharra. Halako gaietan berezituago diren ikertzaile semantisten esku dago lekukoa, edo haren parte bat, bederen.

Honako atal honetan objektu posizioari begiratuko diogu, horietan aurkitzen baitugu artikuluaren ez-erabilera interesgarri bat. Zenbait azterketa sinkronikotan esan izan da euskaraz ez dagoela objektu indeterminaturik; halaxe da, beharbada, euskara batuan nagusi den morfosintaxiarentzat, baina euskarari bere osotasunean begira jartzen garenean, eta euskalki ezberdinetako datuak aintzat har - tzen, halako baieztapenak ñabartu beharrean suertatzen gara. Ikus honako esaldiak:

(24) bertsu kantatzen, pinu pikatzen, arto xuritzen…

p249

Halakoak ekialdeko euskaretako ezaugarri dira, baina mendebalderagoko hizkeretan ere arruntak dira potro jorran eta antzekoak. Ezin aipatu gabe utzi, jakina, (24)eko adibide hauek guztiak aditz izen lokatiboak direla, edo bestela esanda, aspektu ez burutuko ekintzak adierazten dituztenak, ebentu iteratibo izenda daitezkeenak, gorago ere iradoki bezala beren menpeko izenen erreferentzialitate maila apalarekin bat egiten dutenak (Hopper eta Thompson, 1980); ez da, beraz, ausaz gertatu, euskalki batzuetan gehiago besteetan gutxiago, halakoetan gorde izana nagusiki mugatu gabeko objektuen adibideak.

(24)ekoak ere badirela gogoan hartuta, guk agian interesgarriagoak diren adibideetara joko dugu, (24)ekoentzako inork aldarrikatu bailezake espresio eihartuak edo direla. Ikus (25)ko adibideak:

(25) Oihenart (1657) (Altuna eta Mujika, 2003)

  • a. 279. Inzaur duenak jateko, aurkit diro harri hausteko. Celui qui a des noix à manger, trouvera assez de pierres pour les casser
  • b. 216. Haur duenak, anhitz behar; eztuenak, gogoanbehar. Celui qui a des enfants…

Halakoak ez dira gutxi aurkitzen euskarazko testuetan, baina ez bakarrik ukan aditzarekin, bestelakoekin ere bai. Mitxelenak (1987: 293) berak dakarren Leizarragaren esaldia esanguratsua da, besteen artean:

(26) Leizarraga (1571, Rom. 11, 8.) (Linschmann eta Schuchardt, 1900) Eman ukan draue Iaincoac spiritu ithobat: eta beghi, ikus eztecantcat: eta beharri, encun eztecatencat …

(27) Zuberoa eta Erronkariko euskara

Etxebarne (2006: 34)

  • a. Sagar ebatsi dü, nonbait, sosik ez düke / lüke erosteko

Zapirain (2005: 40’)

  • b. … hoi bizitzen balin bada, Xibeuk badü baikortasun eta itxaropen

Bernat (1975-78)

  • c. banek egoztan zia gaztaña, beste banek iltzaur, beste bat sagar, eta deiru ere bai.
  • d. … eta guziek hiltan balin bagunien txerri...
  • e. …pues emoiten gunia, banek lukainka, bestek lomo, bestek ogi,…

Mendigatxa (Irigoyen 1957: 129-135)

  • f. …nik, kementik oiltendaudala paper eta estalki, eskribidaztadan alchatruk
  • g. …mezu oilbeztad

p250

Ikus daitekeen bezala, iparraldeko testu zaharretan eta baita erronkarierazko azken lekukotasunetan ere halakoak ia nonahi aurki daitezke, eta dirudienez, objektua eskatzen duen edozein aditz trantsitiborekin gerta daitezke. Ez da, gainera, testuetako gauza hutsa –norbaitek zalantzan jar lezake Etxebarne (2006) bezalako lan batean, gramatika batean alegia, zenbateraino den normatibizazio gogoaren ondorio halako adibide bat agertzea- egungo Zuberoan ere halakoak aditzea ez baita zaila, (27b) lekuko.

Adibide sorta honekin, nik uste, agerian geratzen da euskarak, bere aldaera standard-enean ez bada ere, badituela izen biluziak argumentuetan, objektu posizioan. Ez naiz ni lehena, bistan da, honetaz ohartzen; euskalaritzaren historian beste askok ere aipatua dute ezaugarri hau, Lafonen beraren lanak hor ditugu (1954, 1970), edo Mitxelenaren beraren aipu hau lekuko (1987:293):

Ahora bien, a lo largo de toda la corta historia de la lengua vasca, e incluso en lo que se puede reconstruir o adivinar de su prehistoria, se observa un rasgo constante, cada vez mas manifiesto: la progresiva sustitucion de la declinación indeterminada, que casi no subsiste mas que residualmente, por la determinada.

Hala izanda ere, sinesten dut Mitxelenak “residual[mente]” izendatzen duen izen biluzien (indeterminatu edo mugagabe, nahiago bada) erabilera hortatik ere zenbait orokortze interesgarri proposa genezakeela; hurrengo azpiatalean, beraz, argumentu horiek zergatik ez duten artikulurik hartu argitzen saiatuko naiz.

Ekialdeko objektu biluzien semantika

Ideia nagusia zera da: (24, 25, 26)ko izen sintagmak izen zenbakaitzak edo izen zenbakarri interpretazio plural indefinitudunak dira, eta horregatik ez dute artikulurik hartzen. Ikus dezagun nola aldeztu daitekeen ideia hau beste hizkun - tzetan (ere) gertatzen diren fenomenoei begira.

Lehenagoko lan batean (Manterola, 2006) ohartarazi genuen bezala, jokoan direnizen sintagmen izaera semantikoak berebiziko garrantzia du artikuluaren hedatzean; Company (1991) lana izan genuen hizpide orduan, bertan Erdi Aroko gaztelaniaren artikuluaren (latineko ille erakusletik datorrena, D-elementu petopetoa, beraz) hedatzerako esanguratsu ziren irizpideak aztertzen baitziren. Gure burua orain eta hemen dagokigunera mugatzeko, Companyren lan hartako puntu bakarra gogora dezagun: berak aztertutako testuetan izen abstraktu eta zenbakaitzak ziren artikulua azkenik hartzen zutenak, gaur egun ere, artikulua hartzeari dagokionez, bariazioan direnak halako izen sintagmak izateraino.

Diakroniaz ari ez diren lanetan ere maiz aztertzen dira izen zenbakaitzak eta zenbakarri pluralak batera. Suomiera da ikuspuntu horretatik aztertu izan den hizkuntzetako bat; bereziki interesgarri suertatzen da, gainera, artikulurik ez duen hizkuntza batean definitutasunaz mintzatzean bertako ikertzaileek nolako jarrera hartzen duten; izan ere, Milsarkek adierazten duen bezala (1977: 5), definitutasunaren kontzeptuaren erabilera hizkuntza indo-europar ezagunenen araberakoa izan da, hizkuntza horiek agertzen duten morfologia jakinari oso lotuta:

p251

The term has been used for generations in the pedagogy and scholarly description of the Indo-European languages, but within that tradition it is usually used only in discussing the overt formal contrast between “definite” and “indefinite” determiners such as English the and a/an.

Välimaa-Blumek (2000/2001) suomiera aztertzen du, hizkuntza fino-ugrioa, ez indo-europarra beraz. Hizkuntza horretan ez da historikoki artikulu definitu dei daitekeen D-elementurik, nahiz eta azken urteotan badirudien erakusle zenbaitek gramatikalizazio bide hori hartu duela (eztabaida sakonerako, ikus Laury (1993, 1997) eta Juvonen (2000)). Interesgarria da, nioen bezala, horrelakoa den hizkuntza aztertzen duten espezialistek definitutasunaz duten ikuspegian aldeak bai baitira, ez da-eta artikulua duten hizkuntzen azterketatik eratorri izan denaren parekoa; haien lanetan maiz agertzen da guk definitutasunaz ulertzen dugun hori beste zenbait kontzeptutan deskonposatua, Chestermanen (1991) lanean, esate baterako. Välimaa-Blumek ere antzeko zerbait egiten du, eta haren bidea segituko dugu neurri batean hemen; autore honek bereizten duen “definitutasun” motatako bat berak Quantification-definiteness deitzen duena da, eta honi begiratuko diogu hurrengo paragrafoetan, (25, 26, 27) adibideentzako argigarri izan daitekeelakoan.

Suomieraren partitiboaren semantika kuantifikazio forma bat da, eta haren oinarrizko funtzioa zehaztu gabeko kopuruak (unspecified quantities) denotatzea da (Välimaa-Blum 2000/2001: 186). Horren adibide dira honakoak, VälimaaBlumen lanean (3a) eta (5a) direnak:

(28)

  • a. Pihalla juoksi poikia. Adesibo singagma-Aditza-Subjektua
    • yard -ADE ran boys-PAR
    • “There were boys running in the yard.”
  • b. Lattialla on vettä. Adesibo singagma-Aditza-Subjektua
    • floor-ADE is water-PAR
    • “There is water on the floor.”

(28) ikusten dugun bezala, esaldi mota berean, ingelesez existentzialarekin itzultzen dena, subjektuan izen plurala dugu (28a)n eta izen zenbakaitza (28b)n. Agerian da, beraz, izen zenbakaitzek eta plural biluziek morfologia bera hartzen dutela, partitiboarena (PAR); honek, goraxeago esan bezala, kuantifikazio mota bat ezartzen dio izenari, edo kuantifikazio jakin batekin batera agertzen da. Q(uantification)-indefinite deitzen die Välimaa-Blumek (2000/2001: 184) sintagma hauei:

When the subject is in the (bare) partitive, the referent has fuzzy boundaries, which are either unspecifiable or explicitly left unspecified in the universe of discourse, thus Q-indefinite.

Terminologia hau gora-behera, niretzako interesgarria dena zera da, kasu honetan ere izen zenbakaitzak eta plural biluziak batera doazela hartzen duten morfologian. Ondoko aipuan ere ikusten dugun bezala, bi izen mota hauek modu beretsuan jokatzen dute hizkuntza ezberdinetan, artikuluaren erabileran efektu antzekoak erakutsiz:p252

p253

[…] the most obvious resemblance resides in the fact that mass nouns characteristically appear without articles, just as the bare plurals do” (Välimaa-Blum, 2000/2001: 193)

Hauxe da, azken aipu honetakoa, gure euskarazko adibideetan gertatzen dena: euskararen kasuan, plural biluzietako zein izen zenbakaitzetako morfologia eza berdina da; horiek dira azkenak, bilakabide diakronikoan, artikulua hartzen, eta ekialdeko euskarak egoera horretantxe dira.

Izen zenbakaitzen eta zenbakarri pluralen biluztasun horren esanguraz ari da, halaber, Longobardi (1994) italierarentzako, Rodríguez (2003: 21) lanaren aipuari jarraiki, baina zalantzan jarriz halako izen sintagmak zinez argumentutzat hartu daitezkeen, ala adierazpen idiomatiko “soil” gisa hartu behar ote diren. Ez dut uste hona ekarri ditugun adibideak, suomierazkoak zein euskarazkoak, adierazpen idiomatikoak direnik, baina sinesten dut euskararen baitan bertan adierazpen idiomatiko gisa eihartutako kasu asko dugula, aurrerago ikusiko dugun bezala.

Bada, horiek oro, eta orain arte ez diogu arretarik ezarri, euskarak ingelesa edo suomieraren ondoan bereizgarri duen ezaugarria: euskarak ez du berezko plural markarik, eta orain arte suomiera eta ingelesarentzako bare plural edo plural biluzi terminoekin izendatu ditugunen partez ekialdeko euskaretan, eman ditugun adibideak lekuko, izen biluziak ditugu, bere horretan. Eztabaida piztu genezake, euskaraz, edo ekialdeko euskara horietan, bederen, izen guziak zenbakaitzak edo masazkoak ote diren, edo izendatzen dutenaren kontzeptu “hutsa” denotatzen duten; Chestermanek (1991) bere laneko sarreran badakar halako ideien gaineko gain-begirada bat, eta ez gara gu orain halako xehetasunetan barrena abiatuko. Ekar dezadan, horren partez, izenen biluztasunari dagokionez euskararen antzera jokatzen duten hizkuntzen aipu bat edo beste; Koreera eta Turkiera izango ditugu aipagai:

[…] the form labelled singular in Korean grammars, which incidentally has zero expression, may be either specifically singular, or on occasion be used when more than one object is involved […]Thus it may be presumed that the Korean listener interprets the zero form usually or par excellence as singular but as plural where the situation demands it. (Greenberg 1966: 28).

Koreeraz, beraz, dirudienaren arabera izen biluziak kontestuaren arabera interpreta daitezke singular ala plural. Turkierazko ondoko aipu eta adibidearekin hobeki ikusiko dugu hau (Lyons 1999: 96):

In general, bir [bir ‘bat’ zenbatzailea da turkieraz] is only used when the indefinite noun phrase refers to a particular entity, that is, when it is a specific indefinite (as in I’ve just bought a superb car). Where there is no specific referent (for example in I’m looking for a reliable car, where I do not have a particular car in mind), or where the identity of the thing referred to is of no importance for the discourse, Turkish has the option of using the bare noun, without determiner, and without number marking. The noun is therefore vague as to number in this “incorporation” construction. Consider (78), where the non-specific bare noun is a direct object:

p253

(78) Dun mektup yaz-di-m

  • yesterday letter write-PAST-1SG
  • Yesterday I wrote a letter/letters

Bi gauza inportante azpimarratzen dira Lyons-en aipu luze honetan: batetik, gorago suomierarentzako ikusi dugun bezala, halako sintagmek duten erreferen - tzialitate statusa, ez-espezifikoa, zehaztugabea edo diskurtsoan garrantzi gutxikoa da. Bestetik, interesgarri suertatzen da Lyons-ek objektu horiek osatzen dituzten egituretan inkorporazioaren fenomenoa gogora ekartzea.

Nire ustez, koreeraren eta turkieraren funtzionamendu hau euskararen garai bateko funtzionamenduarekin bat egiten du, egun ere ekialdeko euskaretan aztarna eta ez hain aztarna gisa antzematen duguna; euskara arkaikoaren ezaugarri gisa ikusten dut, bestela esanda, objektu biluzi hauen erabilera.

PLURALEKO DEKLINABIDEA

Orain artekoan absolutibozko –a artikuluarekin aritu gara. Baina artikuluaren ikuspegi zabalago batetik, erakusleetatik eratorritako morfema guziak artikulutzat har litezke. Ikuspegi honen oinarria Erdi Aroko zenbait adibidetan aurki dezakegu:

(30) Beguheta, Sagasaheta, Erroheta, Azazaheta, Sansoheta

Horietan, nire ustez, ez dago Schuchardtez (1923) geroztik aldarrikatu izan den latineko morfema kolektibo mailegaturik; izenari atxikitako erakusle bat ikustea zuzenagoa dela dirudi, esanez Erdi Aroko lekukotza zaharrenek hasperena gorde zutela. Horrelako ikuspegi baten alde egiten du Azkueren honako aipu honek (1928: 212):

El hecho de que no se usa el artículo plural en Toponimia, pues en su lugar ha quedado como sufijo el infijo declinativo eta (a fuerza de decir arizketara noa voy a los robles, arizketatik nator vengo de los robles, ha quedado arizketa significando robledal) este hecho pudo haberme… […].

Deklinabidetik, beraz, izen berezietan geratu zen, eta deklinabidea bera erakusleen gainean osatu zela aldarrikatzen dugu guk lan honetan. Ondorengo azpiataletan beste zenbait deklinabideko pluraleko kasuri begiratuko diogu.

Genitibo eta ergatibo pluralak

Genitibo eta ergatibo pluralentzako normalean onartzen dena erabat formazio eranslea da, *gizon-ag-ek eta *gizon-ag-en bezalako. Normalean hauxe asumitzen da, zubererazko zein erronkarierazko gizonék eta gizonén azken silabako azentua azaltzeko; hizkera horietan azentua [-2] izan ohi denez, morfemen kontrakzio bat suposatzea zilegi izan liteke. Baina zubereraz bada beste zenbait salbuespen [-2] arau horri: mendiétako bezalakoetan azentua [-3] da, ez [-2] (Etxegorri eskuizkribua). Nola liteke hori? Nik uste, ergatiboan zein genitiboan

p254

gorde den azentua erakuslearena berarena dela, mendiétako leku kasuan bezala, eta, hortaz, erakuslearen azentua baizik ez dugu hor; ez da ez kontrakziorik, ez azentu mugitzerik.

Mendebaldeko genitibo pluralak

Bada mendebaldeko euskara zaharrean adibide bat arazoak eman izan dituena euskararen azterketaren historian zehar: ilaen arterean da adibidea (Castaños Garay, 1957). Nik ilaen horretan aen erakuslea ikusten dut, genitibo plural gisa ari dena. Horrek esan nahi du erakusleak, pluralekoak bederen, aski berandu hasi zirela izen sintagmari eransten, erakusleetan bariazio berantiarra izan litekeena deklinabidean ere antzeman baitaiteke. Honek bat egingo luke ekialdeko euskarentzako ere proposatu dugun erakusle jatorriarekin, hala nola Erdi Aroko forma hasperendunek ematen duten zantzuarekin ere

ONDORIOAK

Lan honetan artikuluaren bi alderi begiratu diogu: nagusiki –a artikuluaren hedaduraz aritu gara, eta erakutsi garai bateko hizkera eta autoretan batasun handiagoa zegoela artikuluaren erabileran. Mendebaldean zein ekialdean antzekoagoa zen –a morfema horren erabilera egun baino; artikuluaren erabileraren hedatzea eta aldatzea munduko hizkuntzetan ikusten den gramatikalizazio bide berari jarraitu duela ikusi dugu, halaber, nahiz eta euskalkien arabera aldeak izan. Lanaren beste ataletako batean pluraleko deklinabideaz arduratu gara; horiek ere artikulutzat jo behar direla aldarrikatu dugu, erakusle jatorria duten neurrian. Modu horretan pluraleko deklinabideak, mendebaldekoak zein ekialdekoak, aurkezten dituen zenbait arazo hobeki azaltzen dela uste dugu.

Hechos relativos a à Manterola2009 — Búsqueda de páginas similares con +.Ver como RDF
Creator Julen Manterola Agirre  +
Event Euskal artikulua, -a, garai bateko erakusle zahar batetik letorke, *(h)a(r) gisa berreraiki izan dena  +, Honen lekuko behinena egun ere mendebaldean erabiltzen den a erakusle urruna bera dugu, artikuluarekin erabateko kidetasuna duena  +, Euskaraz mendebaldean ez beste aurkitzen dugun erakusle urruna, hura formakoa, berritasun gisa hartzen da normalean  +, Euskarazko artikulua, inguruko hizkuntza erromantzeetakoen antzera, Erdi Aroan sortu zela dirudi  +, Euskal geografian zenbat eta ekialderago jo, orduan eta artikulu gutxiago aurkituko dugu  +, Euskal Herri osoan denboran atzera joz gero, ikusiko dugu mendebaldean zein ekialdean artikuluaren erabilera askoz ere murritzagoa zela  +, Arabako herrien lekukotasunak: artikuluaren formarik arkaikoena  +, Euskarazko erakusleen formarik zaharrenek hasieran hots bat dute, egun iparraldean hasperen gisa ahoskatzen dena  +, Garai batean –a artikuluak ere hots hori izan zuela, gerora gramatikalizazio eta beraz higadura fonetikoaren bidez galdu zena  +, (4) Hillarrazaha, Artazaha, Otazaha, Udalha (1025), Horriaha (1087), Elhorzaha (1129)  +, (4)ko adibideei begiratzen badiegu, artikulutzat jotzen dudan morfema hasperenduna gehienetan –a bokalaz amaitzen diren hitzei gehitzen zaie  +, Horixe izan zen arrazoia hasperena gorde zedin, bi bokal berdinen talka saihesteko  +, Nafarroako XIII. mendeko antroponimoei begiratuko diegu, esan bezala; lehenik artikuludunak ditugu  +, (5) izena + artikulua / izena + izena + artikulua / adjetiboa + izena + artikulua: Auria Goienessea, Semen de Larraça (cf. Larratzequo), Eneco Arçaia  +, (6) adjetiboa + artikulua / izena + adjetiboa + artikulua: Sanso Ona, Garcea Domicuiz, Aceari Zuria de Guendulain  +, Artikulugabeak ematen ditut  +, (10) -ko: Sancho Dorreco, Lope Gorteco, Lope Araldeco, Orti Sanoiz Ostatuco  +, Leku genitiboan nagusi dira artikulurik gabeko formak XIII. mendeko Nafarroan  +, (7)ko adibideetan ikus dezakegun bezala, horietako zenbait artikulua hartzen hasiak ziren  +, Egun, artikulurik gabeko genitibo lokatiboa Zuberoa inguruko hizkeretan baizik ez da entzuten ahal  +, XIII. mendean eredu nagusia zena, egun ekialdeko euskaretan baizik ez dela gorde, beste euskalkien begietara arkaismo gisa edo  +, Garai bateko hizkera eta autoretan batasun handiagoa zegoela artikuluaren erabileran  +, Mendebaldean zein ekialdean antzekoagoa zen –a morfema horren erabilera egun baino  +, Artikuluaren erabileraren hedatzea eta aldatzea munduko hizkuntzetan ikusten den gramatikalizazio bide berari jarraitu duela  + y Pluraleko deklinabideaz arduratu gara; horiek ere artikulutzat jo behar direla aldarrikatu dugu  +
Language Sardiniera  +
Monastery San Millán de la Cogolla  + y San Salvador de Leire  +
Suffix -koa  +, -arra  + y -rena  +
Time XI. mende  + y XIII. mende  +
Topic Euskal artikulua  +
Toponym Habaunçaha  + y Habaunza  +
Z.title Pecheros de San Juan  +
Zite Greenberg, 1978  +, Lapesa, 1961  +, Epstein, 1994  +, Azkue, 1923  +, Lafon, 1970  +, Schuchardt, 1923  +, Trask, 1997  +, Haspelmath, 1998  +, Frajzyngier (1996)  +, Himmelmannek (2001: 832)  +, Manterola (2006)  +, Ciérvide  +, Etxebarne, 2006  +, Irigoyen, 1957  + y Iglesias, 2000  +
Herramientas personales