Manterola2009bis2

De EsWiki

Tabla de contenidos

Objektu biluziak ekialdean

Aurreko atalean adjektibo predikatuetan antzeman ditugun artikuluaren erabilera berezi zenbaiten berri eman dugu, azalpen baten hasiera izan daitekeena agertuz; era berean, maiz geratu da agerian, nire analisi ez oso-osokoa lekuko, gai honek behar duen lanketa sakonaren beharra. Halako gaietan berezituago diren ikertzaile semantisten esku dago lekukoa, edo haren parte bat, bederen.

Honako atal honetan objektu posizioari begiratuko diogu, horietan aurkitzen baitugu artikuluaren ez-erabilera interesgarri bat. Zenbait azterketa sinkronikotan esan izan da euskaraz ez dagoela objektu indeterminaturik; halaxe da, beharbada, euskara batuan nagusi den morfosintaxiarentzat, baina euskarari bere osotasunean begira jartzen garenean, eta euskalki ezberdinetako datuak aintzat har - tzen, halako baieztapenak ñabartu beharrean suertatzen gara. Ikus honako esaldiak:

(24) bertsu kantatzen, pinu pikatzen, arto xuritzen…

p249

Halakoak ekialdeko euskaretako ezaugarri dira, baina mendebalderagoko hizkeretan ere arruntak dira potro jorran eta antzekoak. Ezin aipatu gabe utzi, jakina, (24)eko adibide hauek guztiak aditz izen lokatiboak direla, edo bestela esanda, aspektu ez burutuko ekintzak adierazten dituztenak, ebentu iteratibo izenda daitezkeenak, gorago ere iradoki bezala beren menpeko izenen erreferentzialitate maila apalarekin bat egiten dutenak (Hopper eta Thompson, 1980); ez da, beraz, ausaz gertatu, euskalki batzuetan gehiago besteetan gutxiago, halakoetan gorde izana nagusiki mugatu gabeko objektuen adibideak.

(24)ekoak ere badirela gogoan hartuta, guk agian interesgarriagoak diren adibideetara joko dugu, (24)ekoentzako inork aldarrikatu bailezake espresio eihartuak edo direla. Ikus (25)ko adibideak:

(25) Oihenart (1657) (Altuna eta Mujika, 2003)

  • a. 279. Inzaur duenak jateko, aurkit diro harri hausteko. Celui qui a des noix à manger, trouvera assez de pierres pour les casser
  • b. 216. Haur duenak, anhitz behar; eztuenak, gogoanbehar. Celui qui a des enfants…

Halakoak ez dira gutxi aurkitzen euskarazko testuetan, baina ez bakarrik ukan aditzarekin, bestelakoekin ere bai. Mitxelenak (1987: 293) berak dakarren Leizarragaren esaldia esanguratsua da, besteen artean:

(26) Leizarraga (1571, Rom. 11, 8.) (Linschmann eta Schuchardt, 1900) Eman ukan draue Iaincoac spiritu ithobat: eta beghi, ikus eztecantcat: eta beharri, encun eztecatencat …

(27) Zuberoa eta Erronkariko euskara

Etxebarne (2006: 34)

  • a. Sagar ebatsi dü, nonbait, sosik ez düke / lüke erosteko

Zapirain (2005: 40’)

  • b. … hoi bizitzen balin bada, Xibeuk badü baikortasun eta itxaropen

Bernat (1975-78)

  • c. banek egoztan zia gaztaña, beste banek iltzaur, beste bat sagar, eta deiru ere bai.
  • d. … eta guziek hiltan balin bagunien txerri...
  • e. …pues emoiten gunia, banek lukainka, bestek lomo, bestek ogi,…

Mendigatxa (Irigoyen 1957: 129-135)

  • f. …nik, kementik oiltendaudala paper eta estalki, eskribidaztadan alchatruk
  • g. …mezu oilbeztad

p250

Ikus daitekeen bezala, iparraldeko testu zaharretan eta baita erronkarierazko azken lekukotasunetan ere halakoak ia nonahi aurki daitezke, eta dirudienez, objektua eskatzen duen edozein aditz trantsitiborekin gerta daitezke. Ez da, gainera, testuetako gauza hutsa –norbaitek zalantzan jar lezake Etxebarne (2006) bezalako lan batean, gramatika batean alegia, zenbateraino den normatibizazio gogoaren ondorio halako adibide bat agertzea- egungo Zuberoan ere halakoak aditzea ez baita zaila, (27b) lekuko.

Adibide sorta honekin, nik uste, agerian geratzen da euskarak, bere aldaera standard-enean ez bada ere, badituela izen biluziak argumentuetan, objektu posizioan. Ez naiz ni lehena, bistan da, honetaz ohartzen; euskalaritzaren historian beste askok ere aipatua dute ezaugarri hau, Lafonen beraren lanak hor ditugu (1954, 1970), edo Mitxelenaren beraren aipu hau lekuko (1987:293):

Ahora bien, a lo largo de toda la corta historia de la lengua vasca, e incluso en lo que se puede reconstruir o adivinar de su prehistoria, se observa un rasgo constante, cada vez mas manifiesto: la progresiva sustitucion de la declinación indeterminada, que casi no subsiste mas que residualmente, por la determinada.

Hala izanda ere, sinesten dut Mitxelenak “residual[mente]” izendatzen duen izen biluzien (indeterminatu edo mugagabe, nahiago bada) erabilera hortatik ere zenbait orokortze interesgarri proposa genezakeela; hurrengo azpiatalean, beraz, argumentu horiek zergatik ez duten artikulurik hartu argitzen saiatuko naiz.

Ekialdeko objektu biluzien semantika

Ideia nagusia zera da: (24, 25, 26)ko izen sintagmak izen zenbakaitzak edo izen zenbakarri interpretazio plural indefinitudunak dira, eta horregatik ez dute artikulurik hartzen. Ikus dezagun nola aldeztu daitekeen ideia hau beste hizkun - tzetan (ere) gertatzen diren fenomenoei begira.

Lehenagoko lan batean (Manterola, 2006) ohartarazi genuen bezala, jokoan direnizen sintagmen izaera semantikoak berebiziko garrantzia du artikuluaren hedatzean; Company (1991) lana izan genuen hizpide orduan, bertan Erdi Aroko gaztelaniaren artikuluaren (latineko ille erakusletik datorrena, D-elementu petopetoa, beraz) hedatzerako esanguratsu ziren irizpideak aztertzen baitziren. Gure burua orain eta hemen dagokigunera mugatzeko, Companyren lan hartako puntu bakarra gogora dezagun: berak aztertutako testuetan izen abstraktu eta zenbakaitzak ziren artikulua azkenik hartzen zutenak, gaur egun ere, artikulua hartzeari dagokionez, bariazioan direnak halako izen sintagmak izateraino.

Diakroniaz ari ez diren lanetan ere maiz aztertzen dira izen zenbakaitzak eta zenbakarri pluralak batera. Suomiera da ikuspuntu horretatik aztertu izan den hizkuntzetako bat; bereziki interesgarri suertatzen da, gainera, artikulurik ez duen hizkuntza batean definitutasunaz mintzatzean bertako ikertzaileek nolako jarrera hartzen duten; izan ere, Milsarkek adierazten duen bezala (1977: 5), definitutasunaren kontzeptuaren erabilera hizkuntza indo-europar ezagunenen araberakoa izan da, hizkuntza horiek agertzen duten morfologia jakinari oso lotuta:

p251

The term has been used for generations in the pedagogy and scholarly description of the Indo-European languages, but within that tradition it is usually used only in discussing the overt formal contrast between “definite” and “indefinite” determiners such as English the and a/an.

Välimaa-Blumek (2000/2001) suomiera aztertzen du, hizkuntza fino-ugrioa, ez indo-europarra beraz. Hizkuntza horretan ez da historikoki artikulu definitu dei daitekeen D-elementurik, nahiz eta azken urteotan badirudien erakusle zenbaitek gramatikalizazio bide hori hartu duela (eztabaida sakonerako, ikus Laury (1993, 1997) eta Juvonen (2000)). Interesgarria da, nioen bezala, horrelakoa den hizkuntza aztertzen duten espezialistek definitutasunaz duten ikuspegian aldeak bai baitira, ez da-eta artikulua duten hizkuntzen azterketatik eratorri izan denaren parekoa; haien lanetan maiz agertzen da guk definitutasunaz ulertzen dugun hori beste zenbait kontzeptutan deskonposatua, Chestermanen (1991) lanean, esate baterako. Välimaa-Blumek ere antzeko zerbait egiten du, eta haren bidea segituko dugu neurri batean hemen; autore honek bereizten duen “definitutasun” motatako bat berak Quantification-definiteness deitzen duena da, eta honi begiratuko diogu hurrengo paragrafoetan, (25, 26, 27) adibideentzako argigarri izan daitekeelakoan.

Suomieraren partitiboaren semantika kuantifikazio forma bat da, eta haren oinarrizko funtzioa zehaztu gabeko kopuruak (unspecified quantities) denotatzea da (Välimaa-Blum 2000/2001: 186). Horren adibide dira honakoak, VälimaaBlumen lanean (3a) eta (5a) direnak:

(28)

  • a. Pihalla juoksi poikia. Adesibo singagma-Aditza-Subjektua
    • yard -ADE ran boys-PAR
    • “There were boys running in the yard.”
  • b. Lattialla on vettä. Adesibo singagma-Aditza-Subjektua
    • floor-ADE is water-PAR
    • “There is water on the floor.”

(28) ikusten dugun bezala, esaldi mota berean, ingelesez existentzialarekin itzultzen dena, subjektuan izen plurala dugu (28a)n eta izen zenbakaitza (28b)n. Agerian da, beraz, izen zenbakaitzek eta plural biluziek morfologia bera hartzen dutela, partitiboarena (PAR); honek, goraxeago esan bezala, kuantifikazio mota bat ezartzen dio izenari, edo kuantifikazio jakin batekin batera agertzen da. Q(uantification)-indefinite deitzen die Välimaa-Blumek (2000/2001: 184) sintagma hauei:

When the subject is in the (bare) partitive, the referent has fuzzy boundaries, which are either unspecifiable or explicitly left unspecified in the universe of discourse, thus Q-indefinite.

Terminologia hau gora-behera, niretzako interesgarria dena zera da, kasu honetan ere izen zenbakaitzak eta plural biluziak batera doazela hartzen duten morfologian. Ondoko aipuan ere ikusten dugun bezala, bi izen mota hauek modu beretsuan jokatzen dute hizkuntza ezberdinetan, artikuluaren erabileran efektu antzekoak erakutsiz:p252

p253

[…] the most obvious resemblance resides in the fact that mass nouns characteristically appear without articles, just as the bare plurals do” (Välimaa-Blum, 2000/2001: 193)

Hauxe da, azken aipu honetakoa, gure euskarazko adibideetan gertatzen dena: euskararen kasuan, plural biluzietako zein izen zenbakaitzetako morfologia eza berdina da; horiek dira azkenak, bilakabide diakronikoan, artikulua hartzen, eta ekialdeko euskarak egoera horretantxe dira.

Izen zenbakaitzen eta zenbakarri pluralen biluztasun horren esanguraz ari da, halaber, Longobardi (1994) italierarentzako, Rodríguez (2003: 21) lanaren aipuari jarraiki, baina zalantzan jarriz halako izen sintagmak zinez argumentutzat hartu daitezkeen, ala adierazpen idiomatiko “soil” gisa hartu behar ote diren. Ez dut uste hona ekarri ditugun adibideak, suomierazkoak zein euskarazkoak, adierazpen idiomatikoak direnik, baina sinesten dut euskararen baitan bertan adierazpen idiomatiko gisa eihartutako kasu asko dugula, aurrerago ikusiko dugun bezala.

Bada, horiek oro, eta orain arte ez diogu arretarik ezarri, euskarak ingelesa edo suomieraren ondoan bereizgarri duen ezaugarria: euskarak ez du berezko plural markarik, eta orain arte suomiera eta ingelesarentzako bare plural edo plural biluzi terminoekin izendatu ditugunen partez ekialdeko euskaretan, eman ditugun adibideak lekuko, izen biluziak ditugu, bere horretan. Eztabaida piztu genezake, euskaraz, edo ekialdeko euskara horietan, bederen, izen guziak zenbakaitzak edo masazkoak ote diren, edo izendatzen dutenaren kontzeptu “hutsa” denotatzen duten; Chestermanek (1991) bere laneko sarreran badakar halako ideien gaineko gain-begirada bat, eta ez gara gu orain halako xehetasunetan barrena abiatuko. Ekar dezadan, horren partez, izenen biluztasunari dagokionez euskararen antzera jokatzen duten hizkuntzen aipu bat edo beste; Koreera eta Turkiera izango ditugu aipagai:

[…] the form labelled singular in Korean grammars, which incidentally has zero expression, may be either specifically singular, or on occasion be used when more than one object is involved […]Thus it may be presumed that the Korean listener interprets the zero form usually or par excellence as singular but as plural where the situation demands it. (Greenberg 1966: 28).

Koreeraz, beraz, dirudienaren arabera izen biluziak kontestuaren arabera interpreta daitezke singular ala plural. Turkierazko ondoko aipu eta adibidearekin hobeki ikusiko dugu hau (Lyons 1999: 96):

In general, bir [bir ‘bat’ zenbatzailea da turkieraz] is only used when the indefinite noun phrase refers to a particular entity, that is, when it is a specific indefinite (as in I’ve just bought a superb car). Where there is no specific referent (for example in I’m looking for a reliable car, where I do not have a particular car in mind), or where the identity of the thing referred to is of no importance for the discourse, Turkish has the option of using the bare noun, without determiner, and without number marking. The noun is therefore vague as to number in this “incorporation” construction. Consider (78), where the non-specific bare noun is a direct object:

p253

(78) Dun mektup yaz-di-m

  • yesterday letter write-PAST-1SG
  • Yesterday I wrote a letter/letters

Bi gauza inportante azpimarratzen dira Lyons-en aipu luze honetan: batetik, gorago suomierarentzako ikusi dugun bezala, halako sintagmek duten erreferen - tzialitate statusa, ez-espezifikoa, zehaztugabea edo diskurtsoan garrantzi gutxikoa da. Bestetik, interesgarri suertatzen da Lyons-ek objektu horiek osatzen dituzten egituretan inkorporazioaren fenomenoa gogora ekartzea.

Nire ustez, koreeraren eta turkieraren funtzionamendu hau euskararen garai bateko funtzionamenduarekin bat egiten du, egun ere ekialdeko euskaretan aztarna eta ez hain aztarna gisa antzematen duguna; euskara arkaikoaren ezaugarri gisa ikusten dut, bestela esanda, objektu biluzi hauen erabilera.

PLURALEKO DEKLINABIDEA

Orain artekoan absolutibozko –a artikuluarekin aritu gara. Baina artikuluaren ikuspegi zabalago batetik, erakusleetatik eratorritako morfema guziak artikulutzat har litezke. Ikuspegi honen oinarria Erdi Aroko zenbait adibidetan aurki dezakegu:

(30) Beguheta, Sagasaheta, Erroheta, Azazaheta, Sansoheta

Horietan, nire ustez, ez dago Schuchardtez (1923) geroztik aldarrikatu izan den latineko morfema kolektibo mailegaturik; izenari atxikitako erakusle bat ikustea zuzenagoa dela dirudi, esanez Erdi Aroko lekukotza zaharrenek hasperena gorde zutela. Horrelako ikuspegi baten alde egiten du Azkueren honako aipu honek (1928: 212):

El hecho de que no se usa el artículo plural en Toponimia, pues en su lugar ha quedado como sufijo el infijo declinativo eta (a fuerza de decir arizketara noa voy a los robles, arizketatik nator vengo de los robles, ha quedado arizketa significando robledal) este hecho pudo haberme… […].

Deklinabidetik, beraz, izen berezietan geratu zen, eta deklinabidea bera erakusleen gainean osatu zela aldarrikatzen dugu guk lan honetan. Ondorengo azpiataletan beste zenbait deklinabideko pluraleko kasuri begiratuko diogu.

Genitibo eta ergatibo pluralak

Genitibo eta ergatibo pluralentzako normalean onartzen dena erabat formazio eranslea da, *gizon-ag-ek eta *gizon-ag-en bezalako. Normalean hauxe asumitzen da, zubererazko zein erronkarierazko gizonék eta gizonén azken silabako azentua azaltzeko; hizkera horietan azentua [-2] izan ohi denez, morfemen kontrakzio bat suposatzea zilegi izan liteke. Baina zubereraz bada beste zenbait salbuespen [-2] arau horri: mendiétako bezalakoetan azentua [-3] da, ez [-2] (Etxegorri eskuizkribua). Nola liteke hori? Nik uste, ergatiboan zein genitiboan

p254

gorde den azentua erakuslearena berarena dela, mendiétako leku kasuan bezala, eta, hortaz, erakuslearen azentua baizik ez dugu hor; ez da ez kontrakziorik, ez azentu mugitzerik.

Mendebaldeko genitibo pluralak

Bada mendebaldeko euskara zaharrean adibide bat arazoak eman izan dituena euskararen azterketaren historian zehar: ilaen arterean da adibidea (Castaños Garay, 1957). Nik ilaen horretan aen erakuslea ikusten dut, genitibo plural gisa ari dena. Horrek esan nahi du erakusleak, pluralekoak bederen, aski berandu hasi zirela izen sintagmari eransten, erakusleetan bariazio berantiarra izan litekeena deklinabidean ere antzeman baitaiteke. Honek bat egingo luke ekialdeko euskarentzako ere proposatu dugun erakusle jatorriarekin, hala nola Erdi Aroko forma hasperendunek ematen duten zantzuarekin ere

ONDORIOAK

Lan honetan artikuluaren bi alderi begiratu diogu: nagusiki –a artikuluaren hedaduraz aritu gara, eta erakutsi garai bateko hizkera eta autoretan batasun handiagoa zegoela artikuluaren erabileran. Mendebaldean zein ekialdean antzekoagoa zen –a morfema horren erabilera egun baino; artikuluaren erabileraren hedatzea eta aldatzea munduko hizkuntzetan ikusten den gramatikalizazio bide berari jarraitu duela ikusi dugu, halaber, nahiz eta euskalkien arabera aldeak izan. Lanaren beste ataletako batean pluraleko deklinabideaz arduratu gara; horiek ere artikulutzat jo behar direla aldarrikatu dugu, erakusle jatorria duten neurrian. Modu horretan pluraleko deklinabideak, mendebaldekoak zein ekialdekoak, aurkezten dituen zenbait arazo hobeki azaltzen dela uste dugu.

Herramientas personales