Manterola2008

De EsWiki

Tabla de contenidos

Lan honetarako Erdi Aroko Donemiliaga Kukullako kartularioa izango dugu oinarri. Agiri horietan artikulutzat jotzen ditugun morfemak izango ditugu aztergai. Artikulu singularrak eta pluralak bereiziko ditugu: singularretan artikulua izenari gehitzeak ekartzen dituen bokal bilkurak nola ebazten diren ikusiko dugu; pluralei dagokienez, erakusle jatorria aldarrikatuko dugu haientzat. Giltza-Hitzak: Erakusleak. Artikulua. Donemiliaga Kukullako kartularioa. Diakronia.

Para el presente trabajo nos basamos en el cartulario medieval de San Millán de la Cogolla. Nuestro objeto de estudio serán los morfemas de estos documentos que consideramos artículos. Distinguiremos artículos singulares y plurales. Con respecto a los singulares veremos cómo se resuelven las uniones de vocales resultantes de añadir el artículo al nombre; en los plurales, defenderemos su origen demostrativo. Palabras Clave: Demostrativos. Artículo. Cartulario de San Millán de la Cogolla. Diacronía.


p372

ATARIKOAK

Aurreko lan bateko eranskinean (Manterola2006) zenbait artikulu arkaikoren berri eman genuen, ordura arte euskararen diakroniazko ikerketetan oharkabean pasatuak zirenak. Horien izaera arkaikoa hasperenaren gordetzean zetzan, hots, -ha gisako artikuluak genituen.

Orduko hartan Michelenaren Textos Arcaicos Vascos-eko (Michelena 1990 /1964) testu zaharren lekukotza izan genuen oinarri. Michelenak, era berean, Serranoren ediziotik ekarri zituen datuak (Serrano 1930). Oraingo honetan XII. mende bukaerako Donemiliaga Kukullako kartularioa zuzen-zuzenean kontsultatu ahal izan dugu, beronen agirien argazki digitalizatuak izan baititugu eskura n1.

Lan honetan Erdi Aroan lekukotuak ditugun euskal artikuluak aztertuko ditugu. Batetik, artikulu singularrarekin gerta daitezkeen zenbait gertakari fonetiko ezarriko dugu azterketaren ikusmiran; bestetik, nik artikulu definitu plural gisa izendatuko dudan artikuluaren berri eman nahi izango dut, Erdi Aroko lekukotzek horretarako bidea ematen dutela sinetsita.

Lana, beraz, horrela banatua dago: lehenik, atari honen ondoko 2. atalean artikuluaren gaineko nire ikuspegia zein eremu teorikotan ezartzen dudan agertuko dut; horrela gure aztergaiaren mugak zedarrituko ditut. Hots, zer aztertuko dudan argituko dut. 3. atalean Erdi Aroko lekukotzak eurak izango ditut hizpide; bi azpiatal nagusi izango dira: artikulu singularren gorabeherentzako bat, eta pluralentzako bestea. Azkenik, 4. atala izango den horretan, lan honetako ondorioak laburbilduko dira.

ARTIKULU BAT ZER DEN. AZTERGAIA ZEHAZTEN

Artikulutzat zer jotzen dugun zehazteko ikuspegi diakronikoa hartuko dugu aintzat. Greenbergek 1978ko bere lan batean artikulu definituen bilakabide diakronikoaren faseen berri eman zuen (Greenberg 1978); artikuluak, nolabait esateko, aurreko sintagmari itsatsi zaion erakuslearen oinordeko dira, eta erakusleetatik artikulurako bide horren xehetasun zenbait ematen du Greenbergek. Geroztik, Himmelmann hizkuntzalariak (2001) ideia hori garatu du, berak D-element deitzen dituen elementuen taxonomia eskainiz; erakusleetatik artikulurako ibilbide diakronikoan aurki ditzakegun morfema beraren izaera diferenteak biltzeko erabiltzen den terminoa da D-elementuarena. Morfema bera continuum diakroniko bakar batean ulertzeko saio gisa ere uler daiteke. Egungo euskal artikuluak D-elementu horien ezaugarriak betetzen ditu erabat, erakusle batetik eratortzen dela uste baita aspaldidanik, Michelenak (1971), beste hainbaten artean, esan izan duen bezala. Hartara, honen antzekoa izan ahal izan da artikuluaren bilakabidea:

n1. Eskerrak eman nahi dizkiot David Peterson historialariari agiri hauen bertsio digitala hain eskuzabal uzteagatik.

p373

1) etxe *ha(r) > etxe *ha > etxeha > etxea

Gaur egun ere mendebaldeko euskaretan gordetzen da a erakusle zaharra, beste euskalkietan hura (nire ustez berantiarragoa) den bitartean. Kontuak laburbiltzeko, hala esan genezake: artikulu bat inoiz erakusle izandako elementu baten ondorio diakronikoa da. Nahi nuke “erakusle” diodanean lan honen irakurleak edozein erakusle izatea gogoan, nire ustez pluraleko deklinabidean ageri den -eta- atzizkia ere garai bateko (eta egungo ekialdeko zenbait hizkeretako) heta- pluraleko erakuslearen oinordekoa baita.

Artikuluaren diakronia aztertzeko bide bat: artikuluaren zabaltzea

Arestian aipatu ditudan lanetan artikuluaren zabaltze progresiboa aztertzen da besteak beste, zein testuinguru morfosintaktikotara hedatzen den lehenago eta zeinetara ondoren. Hainbat hizkuntzatan egindako lana da hau (Company 1991, Cyr 1993, Huang 1999, Laury 1993, Putzu 2005), baina euskararentzako oraindik egin gabeko lana dugu hau, han hemenka egindako oharrak ahantzi gabe (Irigoyen 1978, Michelena 1987: 366). Hona lan honen faltaren lekuko den Michelenaren aipua (1969[1987: 1994]):

Así, el ejemplo del artículo en los nombres propios –y por inferencia, en los comunes- merecería un estudio detenido que sigue sin hacerse, por todo lo que toca a la toponimia moderna y medieval. Pueden señalarse, por ejemplo, la alternancia de formas determinadas e indeterminadas en un mismo nombre, en el mismo documento.

Guk, gure aldetik, 2005eko lan argitaragabean halako zenbaiten berri eman genuen (Manterola2005), XIII. mendean aldaketa prozesua lekukotzen dutenak Nafarroan:

2)

  • a. Nagusi: G. Esparçaco, Maria Irançuco, Dota Ovanosco, Garcia Çubirico
  • b. Gutxi batzuk: Açeari Guruciricoa n2

Ageri da, beraz, jatorria adierazten zuten –kodun sintagmetan inoiz sartu behar izan zuela artikuluak, nahiz ekialdean, Zuberoan kasurako, egun ere artikulurik gabekoak aditu daitezkeen (ni Mauleko nüzü). Ez da, baina, artikuluaren hedatzearen xehetasun hauetaz arduratuko lan hau, Michelenak aipatutako eginbeharra etorkizun hurbilerako atzeratuko baitugu. Ondoko atalean azalduko dugu Erdi Aroko artikuluaren lekukotasunen zein alderdi aztertuko dugun.

Artikuluak eragiten dituen hots bilkuren ebaztea

Artikuluaz ari garela izan da euskararen gaineko ikerlanetan beste jomugarik:


n2. Hauek Michelenaren Textos Arcaicos Vascosen aurki daitezke.

p374

artikulua izenaren kodari itsasten zaionean, aurreko izenaren bokalen nolakotsuna aldatua gertatu izan da (etxea > etxia), edo zenbait kontsonante epentetiko sortu izan da hitza eta artikuluaren artean (mendia > mendiya); gertakari hauen taxonomiarako hortxe dugu Hualde eta Gaminderen lana (1998). Guk amaieran –a bokala duten hitzei begiratuko diegu, alaba edo aldapa bezalakoei.

Labur eman dezagun –a bukaera duten hitzei artikulua gehitzen zaienean ze emaitza izaten dugun euskara historikoan; ikus dezakegunez, lau estrategia diferente erabili izan dira hizkeraren arabera:

3)

  • a. Mendebaldean a+a>ea alabea
  • b. Erdialdean a+a>aa>a alabaa, alaba
  • c. Zaraitzun a+a>ara alabara (egiara Etxeparek [1545] 1995: 107) (oinzolara Oihenartek [1657] 2003:130)
  • d. Zuberoan - Erronkarin a+a>á alabá

Beltxean diren horiei erreparatuko diegu bereziki, horien berri ematen baitigute, ematekotan, Erdi Aroko lekukoek. Galdera xinplea da: noizkoak dira a + a bilkurak “apurtzeko” erabiltzen diren estrategia ezberdin hauek? Erantzunerako, jakina, ezinbestean lekuko dokumentatuen beharra dugu, ezer baino gehiago auzi enpirikoa baizik ez baita hau. Nik estrategia hauen lekukotasun zaharrenak aurkitu ditudala uste dut. Halaxe erakusten saiatuko naiz hurrengo atalean, hirugarrenean.

ERDI AROKO ARTIKULUAK

Hasieran esan bezala, singularreko artikuluaz (-a) arituko naiz hemen, baina baita nik artikulutzat jotzen dudan pluraleko artikuluaz ere (-eta-), goian aipatutako ikuspegiaren arabera D-elementua litzatekeena (hots, erakusle batetik datorren morfema). Habaunzaha, Elhorzahea eta Erroheta bezalako lekukoak izango ditugu hizpide, beraz.

Artikulu singularra: –aa bilkurak

a + a > ea. Hauaunzia eta Elhorzahea

Gorago aipatu dudan lan batean (Manterola 2006), -ha artikuludun lekukotasun batzuk argitara eman nituen; ekar ditzadan hona, datu horiek gaur aztergai dugunaren lagungarri izango direlakoan:

4) Hillarrazaha, Artazaha, Otazaha, Udalha (1025), Elhorzaha (1129)

Orduan ematen nuen analisiari eusten diot 4)ko adibide hauentzako, hots, toponimo horien amaieran ikusten dugun –ha horiek artikuluak direla, bere garai zaharrenetan erakusleetarik gorde behar zuten hasperena zutenak; ez da kasualitatea, orduan ere halaxe uste nuen, –a amaieradun toponimoetan gordetzea nagusiki artikuluaren forma hasperenduna, hartara bi a horien bilkura (hitz amaierarena eta artikuluarena) saihesten baitzen. Jo dezadan orain beste adibide batzuk argitzera:

p375

5) Elhorzahea (1025), Hauaunzia (1089)

5)eko hauetan artikulurekin sortu zen –aa bilkura ebazteko a + a > ea disimilazioa ikusten dut. Elhorzahea n3 adibidearen kasuan, artikulua gehitzearen bi emaitza posible aurkitzen ditugu toponimo berean, hau da, hasperenaren gordetzea eta bokal disimilazioa; 4)n ikusi ahal izan dugun bezala, badugu disimilaziorik gabeko Elhorzahea-ren bikotea, 1129ko agiri batean ageri den Elhorzaha baitugu lekukotua. Zoritxarrez eta datu gehiagoren faltan, ezin zehatz jakin nola gertatu zen bi estrategia diferente hauen arteko talka, gainjartze eta azkenik ordezkatzea. Dakigun bakarra zera da, disimilazioarena izan dela gaur egun arte bizirik iraun duen bakarra, dela bilakabide fonologiko gisa, dela arau morfonologiko gisa; disimilazio honen izaera zehatzaren argigarri, ikus Oñederra (2005).

Jo dezagun orain 5)eko bigarren adibidearekin, 1089ko Hauaunzia. Toponimo honen amaierako –ia disimilazioaren emaitza gisa ikusi nahi dut nik, bi disimilazioren emaitza, zehatzago esateko: a + a > ea eragiten duena, eta ea > ia disimilazioa. Duda izan genezake, beharbada Hauaunzia bezalako toponimo bat ez ote den berez, bere osoan, osagai bakarrekoa, inongo deklinabiderik gabekoa: uste honek, nire irudiko, 6)n ematen ditudan lekukotasunekin oinarria galtzen du:

6)

  • a. Habaunza (1025)
  • b. Ahabaunçaa, Habaunçaha (1066). Becerro de Leyre (Cierbide 1977)

Donemiliagako agirietan badugu, 6)a. adibidean ikus daitekeen bezala, -ia bukaera gabeko aldaera, nik artikulu gabekotzat –edo, zergatik ez, ez baita ezinezko: disimilaziorik gabeko eta –aa bilkuraren erabateko asimilazioduntzat joko dudana. Toponimo honek azaltzen duen koadroa margotzen bukatzeko, hortxe ditugu Nafarroako lekukotasun horiek, 6b.n ikus daitezkeenak: horietan aldaera artikuludunak ditugu, Habauntza izeneko toki berberaz ari diren jakin ez badakit ere. Hona, bada, Hauaunzia formaren bilakaeraz pentsatzen dudanaren laburpentxoa:

7) habauntza(h)a > habauntzaa > habauntzea > habauntzia

Lehenik beraz, artikulua gehitzen zaio, eta ondoren bi disimilazio “jasaten” ditu toponimoaren amaiera suertatzen den –aa bokal bilkurak. Bi ondoriotan laburbil genezake azpiatal hau: batetik –a + a > ea disimilazioaren lehen lekukoak ekarri ditugu, eta baita -ea > -ia disimilazioa izan daitekeenarena.

n3. Hona Michelenak (1971[1987: 1143]) lekukotasun honetaz pentsatzen duena: “Elhorzahea, 1025, mod. Elorza (cf. nav. Elorçe ibar en 1095), está demasiado aislado para excluir la posibilidad de un error o errata”

p376

Dena den, ez nuke ataltxo hau bukatu nahi oroitarazi gabe bi adibide hauek izan direla aurkitu ditudan bakarrak, eta ezinbestekoa zaigun urritasun horren neurrian nahi nukeela uler dadin nire analisia. Seguru aski, datu gehiagoren laguntzaz lan hipotesi hau baieztatu ala ukatu ahal izango litzateke.

a +a > ara. Massoara eta Sagarzahara

3.1.1. atalean agertu dudan datuen urritasunak bertan azaldutako gertakariak nire analisia zalantzan jartzerainoko indarra izan bazezakeen, are oinarri ahulagoa izan lezakete –ara bukaeradun lekukotasunez esateko ditudanak. Ez dut, baina, lantxo honen aukera galdu nahi, horien gaineko analisi behin-behinekoa eskaintzeko, beti ere etorkizunean etorriko diren dokumentatuagoen zain.

Has gaitezen, bada, lekukotasunak ekarriz:

8)

  • a. monte Massoa (945), Massoara antroponimoa (991)4
  • b. Sagarzahara (1089) Serranoren 1930eko edizioan.

Abia gaitezen Massoara hitzarekin. Ikusirik 945ean badugula –ra bukaera gabeko Massoa, zilegi izan daiteke 991eko lekukotasunean ageri den –ara hori morfema bereiz gisa aztertzea. Zein izan daitezke horretarako aukerak? Peterson (2007)ren ustez Massoa hori basoa euskal hitzarekin lotu daiteke; analisi horren arabera, Massoa-k bukaeran duen –a horrek artikulua behar luke. 991ko –ara bukaerari dagokionez, nire ustea bi aukeratan erdibitzen da:

  • -aa bilkura ebazteko estrategia izatea, 3)c.n eman dudana.
  • · Adlatibo kasua izatea, -ra. Toponimoetan leku kasuak agertzea arrunta da (cf. Dax < de + aquis duena oinarrian: latinezko kasu ablatiboa erromantzeko preposizio ablatiboarekin batera). Arazoa zera izan liteke, kasu honetan testuaren zentzuak argi uzten duela Massoara antroponimoa dela, ez toponimoa.

Jakina, beti geratzen da aukera Massoara berez hitz oso eta barne analisirik onartzen ez duen determinaziozko morfemarik gabeko izena izatea. Zalantza hauek guztiak kontuan hartzekoak dira, Erdi Aroko datuekin ari garenean azaleratzen duten ziurgabetasuna agerian uzten baitute. Jo dezagun orain 8)b.ko adibidera, aipatu berri dudan ziurgabetasunaren adierazle gisa har daitekeena: Sagarzahara dugu berau, Serranoren 1930eko edizioaren arabera. Gauzei hurbilagotik begiratzean, baina, (uler bedi lekukotasunak jatorrizko iturrian kontsultatzen ditugunean) argi eta garbi ikus dezakegu ez dugula inolako Sagarzahara toponimorik, horren partez zalantzarik gabe irakurri baitaiteke XII. mende bukaerako agirian Sagarzaheta dela toponimoa. Lekukotasun honek, beraz, ez digu inolaz ere balio –ara bukaeradun horien eztabaidarako. Bi balio izan litzake, dena den adibide, ustel honek: Donemiliaga Kukullako kartularioaren edizio berri baten beharra ohartaraztearena, batetik, eta gure lan honetan pluraleko artikuluez arduratuko den atalera salto egiten laguntzearena, bestetik.

n4. Gorago aipatutako lanean (Manterola 2006) 1025eko Larrahara, Bocara, Haiztara aipatzen nituen. Larrahara-ren kasuan bi artikulu ditugu, beharbada? Balizko deklinabidean konposizio forma (larra-) agertzea arazo ikusten dut nik, halere. Beste bien gainean argia ezartzeko beldur naiz datu aski ez dugun.

p377

Artikulu plurala: -heta > -eta

Aurreko lanetan aipatu izan ditudan 1025eko agiriko lekukotasunez gain (Sansoheta, Sagassaheta, Erroheta, Azazaheta…), badira Donemiliaga Kukullako kartularioan –heta amaiera aurkezten duten toponimoak; hona aurkitu ditudanak:

9) Sagarzaheta (1089), Beguheta (952), Hareizelheta (1106), Larrinhetago (1129)

Nire ustez -eta hasperendun hauek morfemaren erakusle jatorria salatzen dute. Ikusten dudanaren arabera, nire analisi berri honek analisi tradizionalak, morfemari jatorri latindarra aitortzen dionak baino hobeki azaltzen ditu hainbat gauza: besteak beste -keta aldaeratik hurbilago uzten gaituzte –heta amaiera duten lekukotasunek, -heta/-keta alternantzia dugularik, eta ez -eta/-keta. Seguru aski, gainera, hasierako hots horien txandatzea, h/k hotsena, alegia, beste nonbait ere ikus dezakegu, baldin eta gogoan hartzen baditugu Erdi Aroko superlatiboen lekukotasunak (1025eko Arbelgoihen); honen ondoan azken dugu, Michelenak (1961[1990-219]) superlatibo posibletzat jotzen duena. Honen arabera, hen/ken txandatzea izango genuke heta/keta txandatzea dugun testuinguru berberean, hau da, frikari ostean5. -heta atzizkiari erakusle jatorria aitortzen diogunean beste zenbait arazo ere konpontze bidean ezartzen dugu: deklinabideko forma pluralak definitu zergatik diren ere errazago azaltzen da, izan ere D-elementuen gramatikalizazioaren hasierako faseetako ezaugarria baita definitutasunarena n6. Atal hau Azkueren aipamen batekin bukatu nahi nuke, Schuchardt-ez geroztik (1923[1947: 1946]) onartu izan den hipotesiaren aurka egiten baitu, nik ere egin nahi dudan bezala. Schuchardt-en arabera, -eta- atzizkiak jatorri arrotza du, latinezko –etum atzizki kolektiboaren plurala, -eta, baitzen haren ustetan beronen oinarria. Lehenik toponimoetan hedatu zen atzizki arrotza Schuchardt-en hipotesiaren arabera, eta ondoren deklinabidera zabaldu. Azkuek (1928: 212) aurkako bidea proposatzen du, deklinabidetik toponimiarakoa (beltxa nirea da):

El hecho de que no se usa el artículo plural en Toponimia, pues en su lugar ha quedado como sufijo el infijo declinativo eta (a fuerza de decir "arizketara noa" voy a los robles, arizketatik nator vengo de los robles, ha quedado arizketa significando robledal) este hecho pudo haberme… […]


n5. Honekin batean beharbada behe(n) ere sar liteke; be izango litzateke CV egitura zaharra erakusten duen elementua, eta haren eskuinera ageri dena erakusle genitibo plurala, superlatibo gisa gramatikalizatu zena. Ikus Michelenak be honetaz dioena (1971[1987: 1147]).

n6. Nire analisi honen arazo gisa honakoa aldarrika daiteke, larrehederra (945) bezalakoetan hasperena agertzearena hitz elkarketan. Ez dakit zenbateraino erabil daitekeen hau nire aurkako argudio gisa, Hareizelheta eta Larrinhetago adibide hasperendunak ditugunean…

p378

Argi dago: Azkuerentzat deklinabidetik eratorritako atzizkia da toponimoetan aurkitzen dugun -eta hori. Horrek Schuchardt-en ikuspegia ahultzen du, honen hipotesiaren arabera atzizki horrek euskararen baitan toponimoetan egiten baititu lehen urratsak. Deklinabideak oinarria erakusleetan duela erabakirik, gainera, Schuchardt-ekin baino Azkuerekin egiten du bat gure proposamenak.

ONDORIOAK

Hiru puntutan laburbil dezakegu lantxo honen irakaspena: lehenik, ikusi dugu Erdi Aroan artikuluak eragiten duen bokal bilkuretako -aa > -ea disimilazioa gertatzen zela. Aurkeztu ditugunak bilakabide fonologiko horren lehen lekukotasunak direlakoan gaude. Bigarrenik, a + a > ara bezalakoak Erdi Aroaren garairako identifikatzeko izan ditugun arazoak agerian utzi ditugu, auzi horretan ebazpen ziurrik eskaini gabe. Eta hirugarrenik –heta artikulu pluralaren erakusle jatorria aldarrikatu dugu, Erdi Aroan forma hasperendunak ditugula gogora ekarriz. Azkenik, lan hau Erdi Aroko agirien edizio egokien aldarrikapena ere izan daiteke; halakoen zain geratzen gara, Erdi Aroko agirien edizio berrien laguntzaz hain gai interesgarri eta emankorrean aurrera egitea errazagoa izango delakoan.

BIBLIOGRAFIA

AZKUE, R. M. “El artículo y la epéntesis en la toponimia”. In: Euskera, 9, 1928; 212-217.

CIÉRVIDE, R. “Indice completo de topónimos citados en el Becerro Antiguo de Leyre (II)”. In: Fontes Linguae Vasconum, 25, 1977; 117-152.

COMPANY, C. “La extensión del artículo en el español medieval”. In: Romance Philology, XLIV-4, 1991; 402-424.

CYR, D. “Cross-linguistic quantification: definite articles vs demonstratives”. In: Language Sciences, 15-3, 1993; 195-229.

ETXEPARE, B. Linguae Vasconum Primitiae, Bilbo: Euskaltzaindia, 1545; 409. or. [1995(e)an berrargitaratua].

GREENBERG, J. H. “How does a language acquire gender markers?” In: Universals of Human Languages III, Greenberg, J. H., Ferguson, J. and Moravcsik, E., 1978; 47-82.

HIMMELMANN, N. P. “Articles”. In: Language Typology and Language Universals: An International Handbook 1, Haspelmath, M., König, E., Oesterreicher, W. and Raible, W., Handbooks of Linguistics and Communication Science 20.1, 2001; 831-841. HUALDE, J. I. and I. GAMINDE. “Vowel interaction in Basque: a nearly exhaustive catalogue”. In: Studies in the Linguistic Sciences, 28-1, 1998; 41-77.

HUANG, S. “The emergence of a grammatical category definite article in spoken Chinese”. In: Journal of Pragmatics, 31, 1999; 77-94.

IRIGOYEN, A. “Erakusleez”. In: Euskera, 24, 1978; 713-735.

LAURY, R. “On the grammaticization of the definite article “se” in spoken Finnish”. In: Historical linguistics, Andersen, H., Current Issues in Linguistic Theory 124, 1993; 239- 250.

MANTEROLA, J. “Artikuluaren bilakaera euskaraz: gramatikalizazio prozesu bat eta ondorio tipologikoak”. Argitaragabea, 2005.

MANTEROLA, J. “-a euskal artikulua definituaren gainean zenbait ohar”. In: Studies in Basque and Historical Linguistics in Memory of R. L. Trask, Lakarra, J. A. and Hualde, J. I., Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo” XL, 2006; 651-676.

MICHELENA, L. Fonética histórica vasca. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1961 [1990]; 594. or.

MICHELENA, L. “Notas lingüísticas a “Colección diplomática de Irache””. In: Fontes Linguae Vasconum, I, 1969; 1-59.

MICHELENA, L. “Toponimia, léxico y gramática”. In: Fontes Linguae Vasconum, 9, 1971; 241-267.

MICHELENA, L. Palabras y textos. Bilbo: EHU, 1987; 493. or.

MICHELENA, L. Textos arcaicos vascos. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, EHU, 1990 [1964]; 362. or.

OIHENART, A. Euskal atsotitzak eta neurtitzak. Bilbo: Euskaltzaindia, 1657; 535. or. [2003(e)an berrargitaratua].

OÑEDERRA, M. L. “Fonologiaren mugak: alabea eta birjinak elexan”. In: Nerekin yaio nun. Txillardegiri omenaldia, Etxeberria, P. and Knörr, H., IKER 17, 2005; 379-397.

PETERSON, D. “Onomástica y población en el antiguo condado de Castilla: la documentación conservada en San Millán”. In: Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarra. Gasteiz, 2007ko urriaren 8tik 11ra, 2007.

PUTZU, I. “The definite article in Medieval Sardinian (Logudorese). Tipology and diachrony”. In: Sprachtypologie und Universalien Forschung, 2/3-58, 2005; 262-287.

SCHUCHARDT, H. Primitiae Linguae Vasconum. Salamanca: Universidad de Salamanca, 1923; 88. or. [1947(e)an berrargitaratua].

SERRANO, L. Cartulario de San Millán de la Cogolla. Madrid: Centro de Estudios Históricos, 1930; 562. or

Herramientas personales