Lr0809/E

From EnWiki

Jump to: navigation, search

E Taldea:

Contents

Euskal eratorbidean -GARRI eta -GO atzizkiak

Sarrera

Proiektu honetan euskal eratorbidearen bi atzizki aztertuko ditugu: -GARRI eta -GO. Horretarako Interneten aurki daitezkeen 3000, Elhuyar, UZEI eta Ibon Sarasolaren hiztegietan oinarritutako corpusa osatuko dugu. Corpus hau aztertuko dugu, besteak beste, Orotariko Euskal Hiztegia, Fonética Historíca Vasca eta Fr. Luis Villasanteren Palabras vascas compuestas y derivadas iturriak erabiliz.

Lanean bertan ikusi ahalko den bezala, atzizki bakoitza azaltzeko azpiatal jakin batzuk erabiliko ditugu, lexikologiako eskoletan erabilitako metodologia jarraituz: azpikategorizazioa, lema, adiera, hots aldaketa... Beharbada beti ez dira berdinak agertuko, atzizkiaren ezaugarrien araberakoa izango da. Laburbilduz, lexikologiako eskoletan erabilitako metodologia erabiliko dugu:

http://etxazarra.wordpress.com/2009/05/10/lanaren-metodologia/

Proiektu honen helburua aztertutako atzizkien ezaugarrien eta beren erabilera egokiaren, bai tradizioz eta bai gaur egun nagusitzen denaren berri ematea da. Filologoak izango garen aldetik, eguneroko hizkuntzan aurkezten zaizkigun auziei aurre egiten jakin behar diegu hitzen erabilera egokia zein den argituz.

-GARRI (Izen- eta izenondo-sortzailea)

LEMA

Atzizki emankorra da eta bere aldaki bakarra -karri da. Hitz eratorri berriak sortzean atzizki honekin ez diogu eutsi orokorrean atzizkiaren tradizioko balioari eta horren ondorioz desbideratzen ari zaigun atzizkietako bat da.

AZPIKATEGORIZAZIOA ETA ADIERA

Izenak

aringarri, azpigarri, berogarri, babesgarri, betegarri, bizkorgarri, edergarri, finkagarri, gazigarri, gozagarri, gehigarri, leungarri, lokarri, sendagarri...


[+A]   +    [+I]                     ->    [+tresna, baliabidea]
            [+tresna, baliabidea]          [-biziduna]


Izenak sortzerakoan, -garri atzizkiak aditzoinak hartzen ditu oinarrian eta "tresna" edo "baliabidea" adierazten du, hau da, ekintza hori burutzeko behar duguna. Tresna edo baliabide hori beti izango da izena, orokorrean nahasteko joera baitaukagu izenondoarekin.

Izenondoak

Izenondoak sortzerakoan, -garri atzizkiak hiru erabilera desberdin izan ditu historian zehar, nahiz eta guztiak maila berean baliatuak ez izan. Azkuek eta Villasantek azaldu dutenaren arabera, desberdintasunak atzizkiaren adieratik datozela esan daiteke eta ez oinarriaren kategoriatik. Izan ere, -garri atzizkiak nor-nork motako aditza du oinarrian orokorrean edo bestela oinarria aditz-esapide bateko lehen osagaia, izena, izango da. Bi balio mota bereiz daitezke:

Subjektua "eragilea"

aberasgarri, adierazgarri, amorragarri, bereizgarri, damugarri, deigarri, dibertigarri, errukarri, galgarri, gogaikarri, hilgarri, hunkigarri, ikaragarri, itogarri, itsugarri, jostagarri, kilikagarri, kiskalgarri, kutsagarri, nekagarri, penagarri, samingarri, seinalagarri, tentagarri, txundigarri, zirikagarri, zorabiagarri, zoragarri...

                   [+atzizkia]
[+A]           +   [+Izond]     =   [+Izond]
[+NOR-NORK]        [+eragilea]      [+eragilea]


Balio aktibo edo "eragilea" ("productor de") duten izenondoak. Oraintsu arte nagusia izan da eta Azkuek eta Villasantek "aktibo" deitu zuten. Adiera honetan, izenondoaren ezkerreko izena, izenondoaren oinarrian dagoen aditzak adierazten duen ekintzaren egile edo eragilea izan ohi da. Adibidez: pertsona beldurgarri = pertsonak beldurtu egiten du (norbait).

Arrigaraik honela dio: "la acepción más general y casi única en los buenos autores es como agente, causador. Unese a los temas verbales representados a veces por verdaderos substantivos".

Objektua "kausa"

adoragarri, agurgarri, deitoragarri, entzungarri, errespetagarri, gaitzesgarri, gomendagarri, goresgarri, gorrotagarri, gutxiesgarri, irakurgarri, jakingarri, laudagarri, ohoragarri, onargarri, zigorgarri...


                   [+atzizkia]
[+A]           +   [+Izond]                   =   [+Izond]
[+NOR-NORK]        [+ X izatea merezi duena]      [+ X izatea merezi duena]


Balio pasiboa deitu izan dena. Ezkerreko izena ekintzaren subjektu “egilea” izan beharrean, objektua izan ohi da. Balio pasiboa dei dezakegunaren barruan bi azpisail bereizten dira:


1- Historian zehar lehena aurkitzen duguna “-tzea/-tua izatea merezi duena” parafrasiaz azaldu izan da. Adibidez: mutil maitagarri = maitatzea/maitatua izatea merezi duen mutila.


Objektua "jasalea"

adigarri, berdingarri, eramangarri, eztabaidagarri, hedagarri, jasangarri, pasagarri, sentigarri, sumagarri, tolesgarri, zenbakarri...


                   [+atzizkia]
[+A]           +   [+Izond]                   =   [+Izond]
[+NOR-NORK]        [+ X daitekeena]               [+ X daitekeena]


2- "Zertu daitekeena" perifrasi soila eskatzen duena; erdal -ble atzizkiaren parekoa. Adibidez: azalpen ulergarria = uler daitekeen azalpena.


Bi adieron ñabardurak alde batera utzirik, bietan ezkerreko izena aditzaren objektutzat hartuko genuke: "norbaitek miresten du jokabidea", "norbaitek barkatzen du bekatua", etab.


Arrigaraik honela jarraitzen du: "Algunos le suelen dar como regla general la acepción de digno de, apto con significación pasiva parecida a los adjetivos españoles en ble; pero como dice muy bien un autor, <<desviándolo de su significación primitiva>>. Los verdaderos sufijos que traducen la acepción pasiva digno de, apto son -gai- y -koi.

Azkuek -garri atzizkiaren zentzu propioa latineko bilis-ren (gaztelaniako "ble") berdina dela esaten ez da ondo ari. Baina geroago onartzen du -garri atzizkiaren esparru semantikoa itzalen esparru modukoa dela, hau da, ondo determinatu gabea; badaude hitzak "X izatea merezi dutenak" ikusgarri bezala, eta beste batzuk "eragile" moduan balio dutenak, galgarri.


Bi modutako oposizioak aurki ditzakegu -garri eta -kor atzizkiekin:


[Subjektua "eragilea"]   +   [[+A -->]+ -GARRI]        #     [[Subjektua "jasailea"] + [-(K)OR]]
                   Izena                   Izenondoa                             Izena        IS

-Pozoi hilgarri/pertsona hilkor

Azalpena: bizidunok esperimentatzen dugu hiltzea. Pozoiak hiltzen du; pozoiak ez du ezer esperimentatzen; beste batzuengan eragiten du.



[Objektua "jasailea"]   +   [[+A -->]+ -GARRI]        #     [[Subjektua "jasailea"] + [-(K)OR]]
                   Izena                   Izenondoa                            Izena        IS

-Substantzia oxidagarri/substantzia oxidakor

Azalpena: oxidagarria oxidatzen duena da (oxidante) eta oxidakorra erraz oxidatzen dena (oxidable).


Hiru adieretatik azkena "zertu daitekeena" ugaldu da azken urteotan, batez ere erdal -ble ordezkatzeko. Zenbaitetan badirudi -ble = -garri besterik gabe egiten dugula. Erabilera berri horren ondorioz, euskal atzizkiaren balio nagusia (balio aktiboa) ahazteko arriskua dago; izan ere, -garri erdal -ble adierazteko eta horretarako bakarrik bultzatzen badugu, balio aktiboa adierazteko atzizkirik gabe geratuko gara. Desbiderapen horrek beste batera eramango gaitu: -kor atzizkia balio eragilea, orain arte izan ez duen balio aktiboa adierazteko erabiltzera.

HOTS ALDAKETAK

Izatez, aditzaren partizipioa beharrean aditzoina erabiltzen da -garri atzizkiarekin. Beraz: -(r)i > 0, -(i)tu > 0, -(n)du > 0, gelditzen dira.

Kontsonante aldaketak

Afrikariak frikari bihurtzen dira.

ts > s

Goretsi+garri --> Goresgarri Gutxietsi+garri --> Gutxiesgarri

Herskaria + herskaria > 0 + herskari ahoskabea

Erruki + garri > (0 + k) > errukigarri > (k + g > k) > errukarri

PARADIGMAK

Desohoragarri, desondragarri...

izena + izena + izenondoa

-GO (izen-sortzailea)

LEMA

Tradizioan atzizki hau –a organikoduna zen, baina azkenengo mendeetako adibideetan –a organiko hori galtzeko joera nagusitu da. Honela, euskaltzaindiak euskara batuarentzat –go forma (-a organiko gabea) hobestu du.

AZPIKATEGORIZAZIOA

Lanbidea adierazteko

alkategoa, artzaingoa, apezgoa, buruzagigoa, beretergoa, zurgingoa, hargingoa, fraidegoa, erregego, errektorego, irakaslego, ikaslego, merkatalgo, nekazalgo, jabego, enperadorego, almirantego, agintego, zinegotzigo, pastoralgo, klerigo, begiralego, harpidego...

                  [+ atzizkia]
[+I]              [I]                 [I]
[+gizakia]    +   [-konkretua]    =   [-konkretua]
[+lanbidea]       [+lanbidea]         [+lanbidea]

Sail honetara ekarri ditugun adibideetan -GO atzikidun izen hauek lanbidea adierazten duen -TZA atzizkiaren adierarekin parekatzen dira. -TZA, gehienbat, hegoaldeko hizkerari dagokio eta -GO iparraldekoari. Gainera, Euskaltzaindiak -GO-ren adiera hau hobesten du eta ez gaur sortu ditugun beste adiera berri batzuk (hegoaldeko -TZA atzikiarekin parekatu nahian). -GO-ren berezko esanahia "lanbidea"-rena da eta ez "multzoa"-rena (hegoaldeko -TZA multzokaria izan daiteke).

Nolakotasuna adierazteko

ahaidegoa/ahaikoa, etsaigoa, adiskidegoa, euskaldungoa, kidego, haurridego, langilego , jakilego, batzarkidego, mahakidego, odolkidego, izankidego, elkarkidego, irakaskidego, ikaskidego, zalego, euskaltzalego, abertzalego, eskalego, egilego, eskulangilego, jagolego, idazlego, emakumego...

                  [+ atzizkia]
[+I]              [I]                 [I]
[+gizakia]    +   [-konkretua]    =   [-konkretua]
                  [+nolakotasuna]     [+nolakotasuna]

Sail honetako adibideak -TASUN/TARZUN atzizkiarekin sortutako hitzen adierarekin apreka daiteke (azpikategorizazioa bera da).

Dimentsioa adierazteko

handigoa, mehegoa, zabalgoa, goragoa, hedagoa...


                  [+ atzizkia]
[+Izond]     +    [I]             =   [I]
                  [-konkretua]        [-konkretua]
                  [+dimentsioa]       [+dimentsioa]

Sail honetara ekarri ditugun adibideetan, -GO atzizkiaren bidez eratorritako hitz hauek dimentsioaren adiera duen -ERA atzizkiarekin pareka daitezke. Hala ere, esan beharra dago, hiztegi guztiek ez dutela adibideok atzizki berarik ematen. 3000-ak eta Elhuyar-ek -TASUN atzizkiaren bitartez ere ematen ditu honelakoak (zabaltasun, mehetasun...) eta inoiz -KERIA atzizkiarekin ere (handigoa handikera bezala agertzen da 3000-n. Hau kontutan hartzekoa bada ere, oro har, multzo honetako adibideek dimentsioaren adiera gordetzen dutela esan genezake.

Multzoa adierazteko

biztanlego, irakurlego, ikuslego, entzulego, erkidego...


                  [+ atzizkia]
[+I]              [I]                 [I]
[+biziduna]   +   [- konkretua]   =   [-konkretua]
                  [+multzoa]          [+multzoa]

Euskaltzaindiaren arabera, eta tradizioaren ikuspuntutik, adibide hauek ulertezinak dira. Adibidez, eta biztanlego izena adibidetzat hartzen badugu, ezin dezakegu lanbidetzat ulertu eta 'biztanletasun' bezala ulertzea ere oso zaila da. Hiztunarentzat multzoaren adiera duela ematen du, baina esan bezala, -GO atzizki honek ez du tradizioz multzoa adierazten.

ADIERA

Adibide hauek guztiak aztertu ostean, euskaltzaindiak atzizki honen adieraren inguruan emandako gomendioa gogora ekarri nahi dugu: Euskaltzaindiak, atzizki honen tradizioa kontuan hartuta, -GO atzizkia ‘lanbidea’ adierazteko erabiltzea gomendatzen du (artzaingoa, zurgingoa...), edo –TASUN (euskaldungoa, ahaidegoa...) atzikiaren pareko lez. Honela, ez da gomendagarria multzokari bezala erabiltzea (irakaslego, biztanlego...), horretarako plurala erabil baikenezake edo –ERIA atzizkia. Litekeena da -GO-ren multzokariaren adiera berri hori hegoaldean sortua izana, ez baita hegoaldeko atzizkia. Ondorioz, eta hegoaldean homonimoak diren -TZA atzizki bi daudela (-TZA2-k 'multzoa' adierazten du) kontuan hartuz, multzoaren adiera berri hori eman zaio.


PARADIGMAK

Atzizkia honek paradigma ixten du, hau da, beste atzizki batek ez du inoiz –GO atzizkia duen izen bat oinarri moduan aukeratuko. Hala ere, aurretik aipatutako adibideetan ikus dezakegun bezala, atzizki honek aukeratzen dituen oinarri guztiak ez dira bakunak.

euskara →  euskaldun →  euskaldungo
   I       Izond / I         I

begira  →     begirale   →   begiralego
   A             I               I 

eska   →    eskale     →     eskalego
  A             I                 I 

ikus →     ikusle     →      ikuslego
  A          I                   I

entzun    →     entzule   →      entzulego
  A                I                 I 

idatz   →    idazle    →     idazlego
  A            I                 I  

agin →     aginte     →      agintego
  A           I                   I

OKERREKO ERABILERAK

Atal honetan, -GO eta -GARRI atzizkiak direla eta, hiztunok sortzen ditugun okerreko erabilera batzuk aztertuko ditugu eta testu idatzietan zenbaterainoko presentzia duten ikusiko dugu. Horretarako, okerreko erabileren artean adibiderik argienak hartuko ditugu.

Okerreko erabilera hauen maiztasuna irtenetek eskaintzen dituen corpus ezberdinetan ikusiko dugu, honela, corpus bakoitzean hautatutako adibideok zenbat agerraldi dituzten ikusiko dugu. Bilaketa hau egiteko ondorengo corpusak aukeratu ditugu:

Zientzia eta teknologia corpusa: Elhuyar-en corpus honetan zientzia eta tekonologiaren alorreko euskarazko testuak biltzen dira. Beraz, corpus berezi eta espezializatua da, 1990. urtetik 2002. urterako testuak biltzen dituena. Hortaz, alor semantiko espezializatu baten inguruko euskara modernoa jasotzen duela esan genezake.

Klasikoen gordailua: Euskal testu klasikoen bildima da hau, euskal literaturako lehen agerralditik 1936. urteko gerrarako testuak jasotzen dituena.

Ereduzko prosa gaur: Gaurko prosa idatziaren corpusa dugu hau, UPV/EHU-aren akimenez sortua. Prentsako testuak eta liburuetakoak aurki genitzake hemen.

-GO atzizkiari lotutako arazoak

Entzulego

  • Klasikoen gordailuan: ez dago hitz honen agerrerarik
  • Ereduzko prosa gaur: 11 agerraldi (4 liburuetan, 6 prentsan)
  • Zientzia eta teknologia corpusean: 6 agerraldi, esaterako: Inoiz ez zen jaisten bere entzulegoaren mailara;

Biztanlego

  • Klasikoen gordailuan: ez dago hitz honen agerrerarik
  • Ereduzko prosa gaur: 3 agerraldi (2 liburuetan, 1 prentsan)
  • Zientzia eta Teknologia corpusean: 53 agerraldi, esaterako: Onenean ere, biztanlegoa ardurarazi egiten dute informatzera joaten diren ekipo espezializatuek.

Blogeko artikuloa [1]

Ikuslego

  • Klasikoen gordailuan: ez dago hitz honen agerrerarik
  • Ereduzko prosa gaur: 2 agerraldi (0 liburuetan, 2 prentsan)
  • Zientzia eta teknologia corpusean: agerraldi 1: dantzaren ikuslegoari dagokionean ere, egoera hau islatzen da

-GARRI atzizkiari lotutako arazoak

Lehenago aipatu den bezala, zenbaitetan badirudi erdarako -ble euskarako -garri atzikiarekin ordezkatzen dugula besterik gabe. Euskal atzizkiaren balio nagusia (balio aktiboa) ahazteko arriskua dago; izan ere, -garri erdal -ble adierazteko eta horretarako bakarrik bultzatzen badugu, balio aktiboa adierazteko atzizkirik gabe geratuko gara. Desbiderapen horrek beste batera eramango gaitu: -kor atzizkia balio eragilea, orain arte izan ez duen balio aktiboa adierazteko erabiltzera.

Hala ere, arazo hauek ezin dira corpusetan bilatu testuinguruaren araberakoak direlako. Honek ez du esan nahi atzizki honek arazorik ematen ez duenik, hona emen adibide batzuk:

  • hilagarri vs. hilkor
  • oxidagarri vs. oxidakor

Adibide hauek -GARRI atzizkiaren atalaren barruan sakonago azalduta daude.

ONDORIOAK

Nahiz eta lan honetan atzizki bi soilik bildu ditugun eta bakoitzean corpus txiki bat baino ez dugun aztertu, zenbait ondorio atera ahal izan dugula esan genezake.

Azken urteotan lexiko-sorkuntzan eratorpenak nolako eragina izan duen esan beharrik ez dago. Baina egia da bestalde, eratorpenak dakarren emankortasun diferentziak ez direla azken urteotakoak bakarrik; lehendik ere atzizki batzuk beste batzuk baino gehiago baliatu izan dira literaturan orokorrean. Baina, emankortasunak emankortasun, honako auzi hau planteatzen dugu: hitz eratorri berriak sortzean eutsi al diogu atzizki jakin baten tradiziozko balioari?

Ikusi izan dugunez, tradizioko erabileratik aldentzen ari gara zenbait kasutan edota, aldendu beharrean, adiera berriak egozten ari gatzaizkiola atzizkiari (-GO atzizkiaren kasuan, multzokari bezala erabiltzen dugunean). Lehen guztiz erdaraldunak ziren arloetara zabaltzen ari da euskara eta lexikoa sortzeko baliabideak praktikan jartzea eskatzen digu honek. Beraz, atzizkien adierak aldatzen ari gara edota atzizkiak adieraren aldetik dituen murriztapenak zabaltzen. Batzuetan, tradiziotik datozen joerak jarraitzea onuragarria dela iruditzen zaigu, honela atzizkien arteko nahasteak eta gurutzaketak sahiestuko baikenituzke. Honen ildotik, batasuna dela eta, hiztunak bere euskalkikoak ez diren atzizkiak hartu ditu eta askotan okerreko zentzuan hartu ere (-go atzizkiaren kasua).

- GARRI atzizkiaren kasuan ere antzeko zerbait gertatzen da. Argi dago atzizki honek sortzen dituen hitz batzuk izenak direla eta beste batzuk izenondoak. -GARRIren adjektibo balioa emankorra da gaur egun eta bizirik dago, hau da, berez eta oharkabean sortzen ditugu behar izanez gero, baina izenekin ez da horrenbeste gertatzen, mugatuagoak dira nolabait. Atzizki honek hiru erabilera desberdin izan ditu historian zehar, nahiz eta guztiak maila berean baliatuak ez izan. Desberdintasunak eta gaurko erabilera okerren iturria atzizkiaren adieratik datozela esan daiteke eta ez oinarriaren kategoriatik. Historian zehar, balio aktiboa duena, eragilea izan da nagusi. Baina azken urteotan balio pasiboa duena nabarmendu da, hau bi azpisailetan banatzen delarik: "X izatea merezi duena" eta "X daitekeena". Erdal "ble" atzizkiaren parekorik ez dugunez, asko ugaldu da azken urteotan adiera hau.

Hala ere, hizkuntza bizirik dagoen elementua da eta askotan euskal hiztunek tradizioak markatzen digunari jarraitzea oso zaila egiten zaigu.

Bibliografia

Corpus-a osatzeko erabilitako bibliografia

Lana egiteko erabilitako bibliografia

Liburuak

  • AA. VV. (2000); Configuración morfológica y estructura argumental: léxico y diccionario. Zarautz. EHU-ko argitalpen zentrua.
  • ETXEBARRIA AYESTA, J. M. (1991); Euskal fonetika eta fonologia. Bilbao. Labayru Ikastegia.
  • MICHELENA, L. (1990): Fonética Histórica Vasca. Donostia. Gipuzkoako Foru Aldundia.
  • MICHELENA, L. (1987 – 2005): Orotariko Euskal Hiztegia. Bilbao. Euskaltzaindia
  • VILLASANTE, Fr. Luis (1981): Palabras vascas compuestas y derivadas. Oñate. Franciscana Aranzazu.

Artikuluak

  • "Eratorpenaren adar okerrak (1) eta (2)" (LEF Batzordea). "Orri debozionezkoa". 1994.02.04 eta 1994.02.11. Euskaldunon egunkaria.
  • "-GARRI eta -KOR atzizkien erabileraz". M. Azkarate. Berba 10 (1993).
  • "Garri atzizkiaren izaera bikoitzaz: zergaitik den maitagarria bezain mingarria". X. Artiagoitia. ASJU XXIX-2 (1995) 355-405 or.
  • "-GO atzizkia eta izen multzokariak". (Euskaltzaindia. 73. araua)Euskaltzaindia, Donostia, (1997).

Sarean

  • Euskal Hiztegia (1993). Eskola Berrirakoa. Bilbo. Elkar.
  • Sarasola, Ibon (1996). Euskal Hiztegia. Donostia. Kutxa fundazioa.
Personal tools